Kirmen Uribe Idazlea
Aitzol Aramaiori
Aitzolek gauza desberdinen bila bidaltzen zuen alaba. «Izar, ekarri pilota!», eta Izar pilotaren bila joaten zen. Halako batean, esan zion: «Izar, ekarri hegan pasatu den elefante hura!», eta Izarrek elefantea ekarri zion, esku hutsetan. Nolako zura, halako ezpala
Martxoan Japoniako lurrikara gertatu zenean, zientzialariek esan zuten hain handia izan zela ezen lurraren orbita bera ere aldatu egin zela. Horrelako zerbait gertatu zaigu Aitzol ezagutu genuenoi igande goizeko berri latza eta gero. Gure bihotzei kostatuko zaie beren orbitara itzultzea.
Aitzol Aramaio gizon berezia zen, berezia benetan. Lurrikara baten indarra zuen. Berrogei urtez izan gara lagun, lagun eta erdi. Mutil koskorretan gustukoena mendira joatea izaten zuen eta han Amerikako indiarrarenak egitea. Igande arratsaldeetan, aldiz, zinera. 68ko iraultzako umeak izan ginen gu, Euskal Herrian bizi izan ziren aldaketa guztiak umeen begiradarekin ikusi genituen. Ematen zuen gizartea goitik behera aldatu behar zela, harreman pertsonaletatik hasita. Pop kulturaren agerpena ere orduantxe gertatu zen. Ondo gogoan dut gitarra elektriko bat lehenengo aldiz ikusi genuen unea. Bere osaba Matiasek erakutsi zigun, gero heroinak eramango zuen osaba maitatu hark.
Aitzol ez zen ikasle ona, hori ere esan beharra dago. Ikastolako sasoiari buruz hitz egiten zuenean esaten zuen orduan «ez zuela astirik» ikasteko. Hala ere, gero zinema zuzendaria izatea lortu zuen. Horrexegatik zioen pazientzia handia izan behar zela gaztetxoekin, konfiantza eman behar zaiela beren bidea argi ikusi arte. Umetatik zen Aitzol irudimentsua. Behin, bere ama Manolitak, medikuarengana eraman zuen. Arduratuta zegoen, umeak gezurrak esaten zituelako. «Lasai egon. Zure semeak ez du gezurrik esaten, imajinazioa da, besterik ez», izan zen medikuaren erantzuna.
Zaila izaten zen Aitzoli ezetz esatea, azkar konbentzitzen zintuen edozertarako. Liderra zen, aitzindaria. Gaztetan Ondarroan gaztetxea sortu behar zela bururatu zitzaion eta horretarako bilerara deitu zigun lagun talde bati. Guk ez genekien zer zen gaztetxe bat orduan. Bilerara joan eta zain eta zain egon ginen. Aitzol ez zen agertu. Beste zerbait zuen egiteko, nonbait. Eta guk ez genekienez nola sortu gaztetxe bat, bada bertan behera geratu zen dena. Baina bilera bitxi hori izan zen Ondarroako Gaztetxearen hasiera.
Bloke komunista erori berri, otu zitzaion Txekiara joan behar genuela. 1991n bertan. Aurreko urtean Berlinen egonak ginen eta hantxe, Arrantzale Eguna egokitu zenez, marmitakoa egin zuen okupa talde handi batentzat. Txekian bildu ginen ezker mugimenduko munduko hainbat gazte. Topaketak landa zabal batean ziren, kanpin-dendetan, indiarrak bezala. Eta neonazien erasoen beldurrez segurtasun talde bat jartzen zen gauero. Gau batean Aitzoli eta bioi egokitu zitzaigun zaindari aritzea, bakoitza walkie-talkie batekin. Bata bestearengandik ehun bat metrora geunden, baina nola igaro gau osoa hitzik esan gabe. Eta han hasi ginen walkie-talkietatik euskaraz berbetan mundu guztia lotan zegoen bitartean. Berehala agertu ziren antolatzaile alemaniarrak asaldatuta. Zarata handia ateratzen ari ginela eta lotara bidali gintuzten.
Aitzol mutil alai-alaia zen, baina era berean oso sentitua. Biziki arduratzen zen inguruko jendeaz. Gorrotorik ez diot ezagutu, baina amorrua bai. Injustiziek amorrua sorrarazten zioten. Heroinak eta hiesak utzitako itzalak idatzarazi zion «Terminal» film laburra. Langilea zen oso, perfekzioa bilatzen zuen eta ez zuen etsitzen berak nahi zuena lortu arte. Eta horrelaxe, egoskorra zelako lortu zuen Unai Elorriagaren «Sprako tranbia» nobelarekin film luzea egitea. Eta horrelaxe, burugogorra zelako, lortu zituen bere filmerako Hector Alterio eta Daniel Brühl aktoreak.
Film laburra egin zuen garai hartan ezagutu zuen Oroitz Jauregi andrea. Berarekin lortu zuen oreka. Elkarrengana bildu ziren Arrantzale egun batean. Lehenengo gau haren biharamunean, Aitzolek esan zidan: «Kirmen, pentsaten dot Oroitzeaz betirako egongo nazela ze goxin alkarreaz jun ga gosaltzea Kafe Marina, eta Kafe Marina neska bateaz juti Ondarrun ezkontzi beste da». Harrezkero, Aitzolek irudimena askatu eta gauzak bere erara kontatzen hasten zenean, Oroitzek begirada gozo batekin esaten zion, «Aitzooool», errealitatera bueltaraziz. Talde ona egiten zuten.
Handik laster jaio zen Izar umetxoa. Iazko udan hondartzan aurkitu nuen Aitzol bere alabatxoarekin. Alaba hara eta hona zebilen gelditu ezinik. Hizketan geunden bitartean Aitzolek alaba gauza desberdinen bila bidaltzen zuen. «Izar, ekarri pilota!», eta Izar pilotaren bila joaten zen. «Izar, ekarri baldetxoa!» eta Izar baldetxoaren bila joaten zen. Halako batean, Aitzolek esan zion: «Izar, ekarri hegan pasatu den elefante hura!», eta Izarrek elefantea ekarri zion, esku hutsetan. Nolako zura, halako ezpala.
Gizon handia izanagatik herria maite zuen, hurbila zen. Hil aurreko eguna elkarrekin igaro genuen Ondarroan. Bazkaltzera joan ginen Joxe Manuel erretegira lagunak eta umeak. Gauean euskal derbia ikuste aldera kalean geratu ginen baina ez genuen azkenean partidurik ikusi, nahiago izan genuen lagunartean solasean aritu. Bera beti zebilen planak egiten. Planak lagunak biltzeko, planak familia elkartzeko, planak proiektu berriak egiteko. Goizeko hiruretan Jai Braian tabernatik atera eta ordubete behar izan genuen etxera iristeko, nahiz eta berez hamar minutuko ibilaldia izan. Beti zen horrela. Ezin elkar agurtu. Athleticeko kamiseta jantzi zuen eta ohera sartu zen Oroitz eta Izarren alboan. Ez zen gehiago esnatu.
Kamiseta jantzi zuen baina, ez pentsa, bera ez zen oso zalea, aurretik realzalea ere izan zen bolada batez. Athleticekoa egin zen bere aita Pedrogatik, athleticzale amorratua bera. Aitaren urtebetetze egun batean bota zion aitari: «Zure urtebetetzeko oparia da ni Athleticekoa bihurtzea». Aitzol horrelakoxea zen. Bere logikak ez zuen mundu honen logikarekin bat egiten. Mundua krudelegia, hotzegia zen. Berak dena ederra ikusi nahi zuen, «marabilli». Horixe zen gehien errepikatzen zuen hitza. Mundu berri bat zuen bihotzean.
Jai Braianetik etxerako ordu bete hartan esan zidan suerteko pertsona zela, beti izan zuela suerte handia bizitzan. Emaztearekin, alabarekin, gurasoekin, anaiarekin, familiarekin... Baita lanarekin ere. Tamalez, gau hartan ez zuen zorterik izan. Guk bai ordea, gu suertekoak izan gara bera eta bere mundu zoragarria ezagutu ditugulako.