GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Karrika gelditzen da!

Etengabe ingurumena aipatzen delarik, naturaren suntsiketa salatzen delarik, horren zaintzeko alderdi guztietatik deiadarrak entzuten direlarik, hemengo hautetsiek aurrekontu erraldoia onartu dute suntsiketa egitasmo baten alde

Bi mila jende baino gehiago Baionako karriketan Estatuari zor zaigunaren eskatzeko. Seaskako buraso eta laguntzaileak ez dira usu karrikara ateratzen, egoera larria delako horretaratu gaituzte. Frantses Estatuak heziketako ahalak, aurrekontuak alegia, murriztu ditu pixkanaka eta gero eta gehiago. Frantses gobernuek ez dute lehentasuna horretan ematen. Nahiago dute gerla bat abiatu, gerla horretan dirutza sartu hezkuntzan jartzea baino. Euskal irakaskuntzari doakionez, lerro berdinari jarraitzen diote eta irakasle kopurua murrizten joaten dira. Uste genuen, eta hala saldu ziguten, Euskararen Erakunde Publikoa eskas horiei erantzuten joanen zela. Ororen buru ikusten dugu iragarritako guztiak ez dituela behar ditugun fruituak ematen. Ikasgeletan ikasleen kopuruak emendatzen ari dira, ikasteko prozesua zailtzen ari dela eta euskarazko irakaskuntza sistema trabatzen dela ahalak ez baitira ekartzen. Euskararen transmisioa familietan ez bada egiten ahal, ikastolari aukera hori eman behar zaio. Noski gobernuari bost axola euskararen transmisioa ez bada segurtatua. Ondorioz, mobilizazioak soilik alda dezake egoera. Erran daiteke maila horretan erantzun oso polita izan dela larunbateko manifestaldian. Haatik, ez da errana aski izanen dela behar diren neurrien eta ahalbideen lortzeko. Horregatik, Seaska laguntzeko Herri Urratsen parte hartzea aurten ere funtsezkoa da. Aintziraren ingurutik beste oihu azkar bat botako dugu indar uhin bat bultzatzeko.

Oso une latzak omen dira ekonomian, ondorioz aurrezkiak egiten dira eta aurrekontu murrizketak daude hezkuntzan bereziki. Egoera hain larria da Gobernuak berak ez duela bere legea betetzen, ahalmen urriko haurren hezkuntzan laguntzeko dauden langileak ez dituela ordaintzen. Handik elkarteak Estatua auzitara eraman du eta epaileek arrazoi eman diote, Estatua zigortuz.

Aurrezkiak denentzat berdinak balira, zerbait uler genezake, baina hori dena gertatzen da gure Departamenduko arduradunek ia-ia laurogei milioi euro onartu dituztelarik Tours-Bordelen arteko AHTren ordaintzeko. Alderdi sozialistako hogeita hamabi kontseilariekin, abertzaleen bozei esker -Hendaiako kantonamenduko Ezenarro kontseilariak ere horren alde bozkatu du-. Ez du horrek erran nahi Ipar Euskal Herrian eraiki nahi duten AHTren aldekoa denik, baliteke nabardura bat egitea. Behintzat kontra agertzen bada, berantago, esplikatu beharko du nolatan Kontseilu Orokorreko aurrekontutik hain zama handia AHTren proiektuan ezartzeko prest egon den. Beste lehentasunik ez al da Departamenduan? Ipar Euskal Herrian? Hendaiako kantonamenduan? Adibidez hain falta handia egiten diguten garraio publikoen antolatzeko, gure herrien artean ibiltzeko, autorik erabili gabe? Langabezian dauden gazteen laguntzeko...?

Etengabe ingurumena aipatzen delarik, naturaren suntsiketa salatzen delarik, horren zaintzeko alderdi guztietatik deiadarrak entzuten direlarik, hemengo hautetsiek aurrekontu erraldoia bozkatu dute suntsiketa berri baten alde. Herriko ordezkariek interes komunak ez dituztelarik hobesten, bakar batzuen interesak babesten dituztelarik, karrika gelditzen zaigu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo