GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Apinismoa Jarduera

«Paranormal activiti», katalanen muturreko espiritu librea

Pau Escale, David Palmada, Marcel Garrell eta Josep Grauk Aiguille des Pelerins (Chamonix) ikusgarrian bide berria zabaldu dute: «Paranormal activiti»; 70º, A3, 6+, 530 m. Inoiz eskalatu gabe zegoen serac bat igo dute, eta protagonistek diotenez, «inoiz bizi izan ditugun hiru egun muturrekoenak izan dira».

p048_f03.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Muturreko izotzean jarduten duen eskalatzaile bat: Pau Escale. Muturreko eskalada artifizialeko ordezkari bat: David Palmada Pelut. Eskuarki ez dira elkarrekin egoten, baina orain dela gutxi biek ala biek bat egitea erabaki dute, besteak beste, Escalek erronka izugarria zuelako esku artean: serac edo izotz bloke bat igotzea.

Baina jakin bazekien hara iristeko harkaitzezko tarte bat eskalatu behar zuela. Eta, GARAri adierazi dioenez, hura gainditzeko espezialista baten bila hasi zen: «Iaz `Elefhant blanc' (300 m, V/6X) eta `Kali fragili' (600 m, V/6+) eskalatu nituen, eta haien artean beste marra bat bazegoela ohartu nintzen. Arrokan indartsu dagoen eskalatzaile baten bila hasi nintzen. Bidea paraboltik gabe zabaldu nahi nuen; hots, era garbienean. Peluti esan nion, eta, egia esan, erabat motibatu zen berehala».

Horrela hasten da bi eskalatzaile hauek Aiguille des Pelerisen egin duten jarduera. Bide berria zabaldu dute: «Paranormal activiti» (70º, A3, 6+, 530 m). Marra berria da, bai, baina helburu nagusia igo gabe zegoen serac ikusgarria zen. Eta oso-osorik eskalatu ez badute ere, emaitzarekin erabat gustura daude.

Bi protagonista aipatu ditugu, baina beste bi ere ez genituzke alde batera utzi behar. Izotz sekzioetarako Escalek Marcel Grau izan du lagun. Eta arroka sekzioetan Palmadari lagundu diona Josep Grau izan da. «Espedizio moduko jarduera izan da. Serac gainean bandera nik jarri nuen, baina laurok guztia eman dugu», gehitu du Escalek.

Laukote katalanak eginiko bidearen datu teknikoak aipatu ditugu. Jakina, ez dira edonork poltsikora ditzakeen letrak eta zenbakiak. Oso gogorrak dira, eta, gainera, oso estilo garbiarekin gainditutakoak. Baina, informazio horiez gain, agian irakurleren batek bidearen izenari erreparatu dio: «Paranormal activiti». Bada, izen horrek aipatutako jarduerari beste plus bat gehitzen dio: muturreko arriskua. «Inoiz ez dut hain leku arriskutsuan eskalatu», onartu du Palmadak. Escalek, bere aldetik, zera gehitu du: «Nire bizitzako hiru egun muturrekoenak izan dira». Kontuan izan, gainera, hori muturreko eskaladan ari diren bi ordezkarik diotela!

Hiru egun

Apirilaren 8an hasi zen katalanen «eromena». Lehenik, izotzezko tartea eskalatu zuten: 70º izotzean eta 55º elurretan. Ondoren, arrokan lau luze: A2+ eta A3 mailakoak. «Pelutek eta Grauk bi egun behar izan zituzten luze horiek ekipatu ahal izateko. Hori bai, paraboltik erabili gabe», dio Escalek. Eta amaitzeko, marraren izarra: serac ikusgarria. Lan hori Garrell eta Escaleri berari egokitu zitzaien. Arratsaldeko zazpiak ziren: «Eguraldi txarra iragartzen zuten, eta gauez eskalatzen hasi ginen. Lehen zatia misto erraza zen; benetako zailtasuna izotz zatiak erortzen ziren zatian zegoen. Diagonalean eskalatu behar izan nuen, izotz puskak Marcelen gainean erortzen zirelako. Oso gogorra zegoen izotza eta pioleta ondo sartzeko 50 aldiz eragin behar izan nion. Batzuetan piolet zein oin batetik zintzilik geratzen nintzen. Serac-aren erdia eskalatu (50 metro) eta jaistea erabaki nuen. Gora egiteko irrikaz nengoen, baina gaueko hamarrak ziren, eta bagenekien eguraldi gaiztoa gainean genuela. Bibakera gauerdi aldera iritsi ginen; leher eginda, tentsio handiarekin, baina pozarren».

Eskalatutako marratik jaitsi bezain laster onartu du laukoteak beldur handia pasa izana: «Muturreko hiru egun igaro genituen. Ez dugu uste inork errepikatuko duenik. Alpeetako beste bide batzuetan zailtasun tekniko gogorragoak egon daitezke, baina arrisku handiagorik ez. Igotako kanalari, Pelutek `heriotzaren korridorea' deitu dio. Goi aldetik izotz eta harri piloa erortzen ziren. Horietako batek Peluten beso bat harrapatu eta min handiarekin eskalatu zuen».

Hausnarketak

Eskalada ikusgarri honen inguruko kontakizunak irakurri ondoren, Escaleri egin berri duen jardueraren inguruko iritzia eskatu diogu: «Serac-en kontu honek alpinismoaren inguruan dudan iritzia aldatu dit. Bide honek abentura intentsuetan bizi izandako esperientziak beste modu batean ikusteko balio izan dit. Hilabete neraman eskalatu gabe, eta marra horrek nire antsietatea baretu du. Gainera, oso motibatuta dauden hiru kiderekin eskalatu dut».

Palmadak, berriz, GARAri adierazi dio egin duten aktibitate hau Escaleren ametsa zela: «Nik baiezkoa eman nion, baina, egia esan, egin duguna erokeriaren mugan dagoela ohartu naiz. Eta ez zailtasunarengatik, baizik eta bizi izan dugun arriskuarengatik. Izotzean esperientzia bat bizi nahi nuen, eta Pauk magnetismo hori kutsatu dit».

Nahiz eta arrisku handiko jarduera izan den, Escalek uste du bide horretatik jarraituko duela: «Serac asko daude, eta ahal ditudan guztiak eskalatzen saiatuko naiz. Momentuz trilogia bat dut, eta dozenaka serac nire zerrendan. Ez dut uste serac-en kontu hau alpinismoaren etorkizuna denik. Ahaztuta egon den norabide bat da, oso mitifikatua. Denak eboluzionatzen du, eta uste dut etorkizunean gero eta serac gehiago eskalatuko direla. Masifikatu aurretik unea aprobetxatu behar dut!».

Izandako esperientzia aztertzerakoan, Palmadak dio izotza eta eskalada artifizialean bizitzen dena ez dela berdina: «Ezin dira sentsazio horiek nahastu. Izotza eta alpinismoa askoz ere arriskutsuagoa da. Big wall batean zuk, teknikak eta adoreak bat egiten dute. Baina serac bat igotzean, alpinismoan, zortea ere tartean dago. Serac-ari begiratzen diozu eta duen botereaz ohartzen zara. Eta nik hori ezin dut kontrolatu. Artifoa beldur kontrolatua da, eta, serac-a, berriz, izua; bai bederen niretzat. Inolako zalantzarik gabe beldurra pasa dut. Ni ez naiz alpinista, baina pixkaka-pixkaka gustua hartu diot».

laukotea

Pau Escale, David Palmada, Marcel Garrell eta Josep Grau izan dira jarduera harrigarriaren protagonistak.

arriskua

Zailtasun tekniko handiak gainditu dituzte katalanek, eta muturreko hiru egun bizi izan dituztela onartu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo