Ahalmen urriko haurren eskolatze-eskubideak urratzen ditu Parisek bitarteko aski ez jartzeagatik
Nazkatuta daude hogei urteren buruan, bere haurren eskolatzea bermatzeko bitartekoak egunero eskean ibili beharrarekin. Euren seme-alabak ahalmen urrikoak izaki ere, gainerako haurrak bezala, ikasteko eskubidea dute. Epaitegiek hala aitortu diete.
Arantxa MANTEROLA
Handik, ahalmen urritasunen bat duten haurren guraso-elkarteak biltzen dituen elkargoa, biziki pozik agertu da azken egunotan. Izan ere, Paueko administrazio-auzitegiak arrazoi eman die berrikitan bost familiei Hezkuntza Ministerioaren kontra jarritako salaketan. CDAPH, ahalmen urriko ikasleek behar duten laguntzak finkatzen duen egitura ofizialak, euren haurrei AVS (eskolarako laguntzailea) izateko eskubidea aitortu ziten. Alta, «bitartekoen eskasia» aitzakia hartuta, Hezkuntza Ikuskaritzak horretarako prestakuntzarik eta eskarmenturik ez duten langileak jarri nahi zizkien.
Gurasoek, irtenbide hori errefusatuta, auzibidera jo zuten. Hala aginduta, Hezkuntza Ikuskaritzak epaitegiaren erabakia berehala beteko duen arren, ebazpena ikasturtea ia bukatu delarik heldu da. Bitartean, Seaskako Integrazioaren Batzordeak hartu behar izan du bere gain AVS horien kostua.
erabaki berantiarrak
Ez da, gainera, lehen aldia antzekorik gertatzen zaiena. Iaz ere, arazo hau bitan eraman zuten auzitara legea betearazteko eta beren seme-alaben eskubideak bete daitezela eskatzeko. Orduan bitartekoak ez jartzea leporatu zioten Administrazioari, eta orduan ere, irabazi egin zuten, baina ikasturtea amaitua zenez, erabakiak ez zuen eraginik izan.
Oraingoan, ebazpenak jurisprudentzia egingo duelakoan daude eta Estatu frantseseko gainerako guraso eta elkarteek baliatu dezaten, ahalegin guztiak egingo dituzte erabaki juridikoa hedatzeko.
Epaia berri pozgarritzat hartu badu ere, Handik ez da, ez, ase. «Garaipen inportantea da, zalantzarik gabe, baina borroka hau ez da amaitu», dio Ladix Lanouguere-Arrosagaraik, horren azpian dagoen arazoa «AVS postu horien profesionalizazioa behingoz behar bezala finkatu eta onartzea» dela nabarmenduta.
Horrela ibili beharrak sutan jartzen ditu. Patrice Lagisquet Chrysalide elkarteko lehendakariak guztien haserrea eta egonezina adierazi du: «Ulergaitza da hemen gertatzen dena. Estatuak berak egiten du legea eta Estatuak berak urratzen du, beharrezko bitartekoak ez ipintzearekin. Inguruetako beste estatuetan ez bezala (Italia, Espainia, Belgika...), Parisek horren ozen aldarrikatzen duen berdintasunerako eskubidea ez du bermatzen».
Elkarte hauentzat nekagarria da, etengabe azalpenak ematen eta neurriak exijitzen aritu beharra. «Arazoak mahaigaineratzen ditugularik, behin eta berriro hasieratik dena errepikatu behar da, egoera hau berria izango balitz bezala. Aski da! AVSek egiten duten lana eta gure haurrei ematen dieten laguntza aspaldi frogatua da», esan du, egoera hau «jasanezina» dela ohartaraziz.
Ez dute onartzen Hezkuntza Ministeriotik ematen dizkieten azalpenak. «Krisia eta Estatuko finantzen egoera dela-eta, ezinbestean murrizketak egin beharrean omen daude. Zer esan nahi du horrek? Formula horrekin, demagun norbait azaroan edo abenduan gaixotzen dela, eta urteko aurrekontua agortuta dagoenez, hurrengo urteko urtarrilera arte haurrak ez luke zainketarik izango. Hau sinesgaitza da, are eta gehiago, egiaz behar diren AVS postuak bermatzeko ez denean horrenbesteko dirutza behar», dio Lagisquetek, AVS baten ohiko ratioa bi haurrez arduratzea dela argituta.
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ahalmen urriko haurrak eskolatuta daude ohiko hezkuntza sareetan, hein handi batean, elkarte hauek egiten duten lan eskergari esker. Lan horren zati handi bat bitarteko ekonomikoak bilatzera bideratzen dute, AVS laguntzaileak ez ezik, zenbait kasutan eta urritasunen arabera, beste motako profesionalak ere beharrezkoak baitituzte beren seme-alabak laguntzeko.
Horregatik diote, legeak lege, beren zeregina ez dela berehalakoan amaituko. Beren haurrak «ezberdinak» baldin badira ere, «era integratuan eta parte-hartzailean hezkuntza jasotzeko eskubidea benetan bermatua» izan arte, ez daude zeruko manaren zain gelditzeko prest.
Hezkuntza Ministerioak, bederen, Handik-ekoen kemenaren eta erabakitasunaren froga argia izan badu.