GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Apirilean jokatu dute WCT zirkuituko bigarren txapelketa Bell’s Beachen. Aurten gainera, 50. urteurrena ospatu dute antolatzaileek.

Bell’s Beach: 50 urtez, surfaren historian lekuko eta eragile zuzen

p054_f01.jpg

 

Haritz Larrañaga Altuna

WCT zirkuituko bigarren proba egin zuten pasa den astean Bell’s Beachen. Oso leku ezaguna da surfaren historian izandako zenbait gertaera garrantzitsu bertan jazo baitira.
Bell’s Beach mundu osoko surflarientzat da leku esanguratsua, baina batez ere australiarrentzat, bertako ondare preziatuenetako bat dute-eta Victoriako hegia.
Aurten 50. urteurrena ospatu du bertako txapelketak. Atzera begira, azken hamarkadetan surfak izan duen bilakaeraz jabetzeko parada ezin hobea da.

Bell’s Beach

Bell's Beach Australia hego-ekialdean dago, haitz eta muinoz osatutako ingurune labartsu batean. Victoria konderriko kostaldean, Torquay da «kanpaien hondartzatik» gertuen dagoen hiria, 7 kilometrora.

Torquay eta Bell's Beacheko inguruneak nahiko lasaiak izan arren, olatu onak diren egunetan 50 surflari erraz pilatuko dira uretan, baina bertakoak oso abegikorrak omen dira eta lasai surf egiteko lekua den fama dauka.

Hegoaldetik sartzen diren itsaskiak bete-betean jasotzen ditu Bell’s Beachek. Australiaren beheko aldea zeharkatzen duten itsaski hauek aurrera jarraitzen dute batzuetan, Fiji, Tahiti, Hawaii eta Kaliforniako kostaldeetara olatu handiak garraiatzen dituztelarik.

Bell's Beacheko badian olatuak norabide egokian sartu ahal izateko, handik 120 kilometrora dagoen Otway lurmuturra inguratu behar dute uhinek, eta behin norabide egokia hartuta, eskuin olatu luze bat eratzen da Bell's Beacheko itsas hondoko egiturari eta haitzei esker. Hain izan daiteke luzea olatua, ezen olatu beraren zati desberdinetan izena aldatzen den (CentreSide, Rincon, Bell's Bowl eta  Outside Bell's).

Bi edo hiru metroko olatuak hartzeko leku egokia da Bell’s, baina hortik gora olatuak badian alde batetik behera lehertzen hasten dira, beraz ez da olatu oso handiak hartzeko leku egokia, zenbaitetan halakotzat aurkeztu izan badute ere.

“Point Break” (“Le llaman Bodhi” gaztelaniazko bertsioan) filmean esaterako, azken mendeko itsaskirik handiena Bell’s Beachen izango dela dio Pratick Swayze aktoreak. Filmaren amaierako irudiek surflaria olatu erraldoietan desagertzen erakusten dute. Irudi horiek Bell’s Beachekoak balira bezala aurkezten dituzte, baina berez Waimeakoak dira, halako olatuetako irudiak hartzeko Bell’s ez baita leku egokia.

Rip Curl eta Quiksilver markek indarra hartzeko leku garrantzitsua izan da Bell's Beach, bertako txapelketekin ospea eta kontaktuak egiteko aukera zabaldu baitzitzaien, batez ere 80ko eta 90eko hamarkadetan.

Leku honek surfaren industriari emandako bultzadak inguruari berari ere lagundu zion, ekarpen ekonomikoa eginez,  eta horregatik, bertakoek gero eta jende gehiago inguratzen ari zela ikusita erreserba natural izendatzeko eskatu zutenean, errazago jaso zuten gobernuburuen baiezkoa. Australiako lehen surfing erreserba izendatu zuten Torquayko ingurunea.

Historia

Bere historia Bigarren Mundu Gerraren ostean hasi zen. 1949. urteko lehen egunetan Torquayko zenbait motozale beren taulekin inguru haietara iritsi ziren. Itsasbazterreko arroka handi haietan zehar bidaiatzen zuten motoz, ur gutxiko lekuetan surf egin eta putzu zuloetan karramarroak harrapatzeko.

Izena artzain batengatik datorkio. Zehazki, 1840. urtean, John Cavert Bell artzaina muinora iritsi zen artalde batekin, eta bere abizena aitzakia hartuta eman zion izena leku hari. Horrez gain, kanpai bat ere jarri zuen goiko aldean. Beraz, motozaleen etorrera baino askoz ere lehenagotik zegoen kanpai famatua goiko haitz batean.

Ia bost metroko luzera zuten taulekin surf egiten zen garai hartan, ordea, eta motoz halako traste bat soinean izanda bidaiatzea oso gogorra zenez, leku hura ahaztu zuten zenbait urtez, 50eko hamarkada amaiera arte.

Taulak arinagoak zirenean hasi zen arrakasta pixka bat izaten lekua eta 1961ean egin zuten lehen txapelketa. Irabazlea Jorge  Smith Ming izan zen eta libra bateko (euro eta erdi) diru saria jaso zuen. Diru saria txikia izan arren, diru saria zen, eta horrek lehen txapelketa profesional bilakatu zuen lehiaketa hura.

Ospea handituz joan eta bi urteren buruan, 1963. urtean hartu zuen egun daukan izena, The Bells Beach Easter Rally, alegia «kanpaien hondartzako Pazkoko bilkura».
Hasierako urte haietan, Australiako txokoren bateko zein bestekoak baino ez ziren bertaratzen parte hartzera, eta surflari horien artean sekulako lehia zaten zuten.

Pixkanaka beste herrialdeetatik ere parte-hartzaileak etortzen hasi ziren eta 1973an munduko txapelketa egin zuten. Babesle nagusia, prakak egiten zituen Amco izeneko enpresa izan zen, baita gero eta indar handiagoa hartzen hasia zen bertako Rip Curl surf denda ere.

Ordutik surf modernoak azken lau hamarkadetan izan duen bilakaeraren lekuko zuzena izan da Bell's Beach. Hiru lemako lehen taula egin zuen Simon Andersonek kanpaia irabazi zuenean esaterako, sekulako oihartzuna izan zuen asmakizun berriak, eta horrek, surf egiteko moduan sekulako aldaketa eragin zuen mundu osoan.

Irabazle gehienak eskuinak izan dira (atzean eskuin oina jartzen dutenak, regular). Mark Richardsek lau bider irabazi zuen kanpaia, Michael Peterson, Nat Young, Kelly Slater eta Sunny Garciak, hiru aldiz. Tom Curren, Andy Irons eta Stephanie Gilmorek bi aldiz. Eta Joel Parkinsonek ere lehendik bi aldiz irabazia zuen txapelketa hau, beraz, azken honekin hiru bider eskuratu du kanpaia. Horiek guztiak eskuin surflariak.

Rip Curl Pro 2011

Iazko txapelketa osoa egun bakar batean egin behar izan zuten, olatuek behera egingo zuten beldur, baina aurtengoan ez da olaturik falta izan. Izan ere, bi eta hiru metro arteko olatuak izan zituzten, baldintza bikainak eskuin olatu luzean txapelketa egiteko, eta ondorioz, ikuskizuna ere bikaina izan da.

Kelly Slaterrek Mark Richardsen errekorra berdindu nahi zuela-eta ikusmina handia izan da azken txapelketan, baina oraingo honetan, munduko txapel gehien irabazi dituen surflariak ez du bere helburua lortu.

Irabazleak bi australiar izan ziren, Joel Parkinson mutilen kasuan eta Sally Fitzgibbons neskenean. Kelly Slater final-laurdenetan kanporatu zuen Adriano da Souza brasildarrak, beraz finalerako bidea ireki zien Mick Fanning eta Joel Parkinson faboritoei. Azken honek, Parkok, finala 8,53 puntu jaso zituen olatu batekin hasi eta 10 puntuko azken olatu batekin amaitu zuen. Parko, irabazle garbia, urertzera iritsi zenean lagun koadrila bat zeukan sorbalda gainean oholtzara eramateko, horrelakoetan irabazleekin egin ohi den moduan. Bere aurkari eta lagun Mick Fanning-ek ere parte hartu zuen garailea sorbalda gainean eramaten.

Orain datorren maiatzaren 11 eta 22a bitartean Rio de Janeiron  egingo den hirugarren probarako prestatu beharko dute lehiakideek. Aurtengo zirkuitua hamaika probek osatzen dute, beraz ikuskizuna hasi besterik ez da egin. Oraingoz Kelly Slater dago rankineko lehen postuan, baina gauzak erraz alda daitezke txapelketa batetik bestera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo