GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari ernegatua

Eddie would go!!!

Irakurri berri dut Eddie Aikauren bizitza kontatzen duen liburua, "Eddie would go. The story of Eddie Aikau, Hawaiian hero and pioneer of big wave surfing" eta oso interesgarria iruditu zait. Egilea Stuart Holmes Coleman da, AEBetako idazle bat. Liburuari buruzko goraipamen ugari azaltzen da lehen orrian zein liburuaren atzealdean eta denek diote Colemanek lan bikaina egin duela, baina denak dira AEBetako herritarrak, beraz bertako batek, hawaiiar batek, liburuaz zer dioen jakin nahiko nuke, «gizon zuriaren» iritzia bost axola baitzait.

Uste dut, ez egileak, ez liburuaren kritika bikaina egiten duten horietako askok, ez dutela Eddie Aikauren auziak duen berezko funtsa ulertu, ezta ulertuko ere. Soilik zapaldua den edo inoiz zapaldua izan den herri bateko kideek uler dezakegulakoan nago. Agian nik neuk ere ez dut afera behar bezala ulertzen, baina bestelako ikuspegi bat daukat. Edozein kultura soilik bertakoek uler dezaketelakoan nago, gainerakoek geure betaurrekoekin egin ditzakegu geure irakurketak, baina esan bezala, badira soilik zapalduak izan direnek uler ditzaketen zenbait kontu.

Eddie Aikau olatu handietako surflari bikaina izan zena, dudarik ez dago. Ezta hawaiiarrentzat heroi bat izan zena eta egun ere badena, baina oinarrian dagoen auzia ez da, nolabait esatearren, «kirol afera hutsa», politikoa baizik. Hawaiiarrek Eddie maite badute ez da Waimeako olatuetan nagusi zelako, bizi zen artean egin zuen ibilbide politikoagatik baizik. Hawaiiar gisa bere erroetara jo eta kulturalki herri gisa dagozkien eskubideen alde borrokatu zen. Azpi klase bateko kide izanagatik ere, ilehoriekin orpoz orpo jardun zuen olatu artean, haiekin nahastu gabe, nondik zetorren ahaztu gabe, eta horrek bere klasekoen artean oso maitatua izatera eraman zuen. Iparramerikarrek haren olatu handietako abilezia azpimarratzen dute, itsasoari zion maitasunak eraman zuela diote, baina egiatan Eddiek maite zuena bere herria zen.

Eddie itsasoan desagertu zen egunean ere bere herriaren eskubide kulturalak berreskuratzeko kanpaina bateko ekimen batean parte hartzen ari zen. Polinesiarrek antzina egin zuten ibilbidea berregin nahi zuten antzinako modu berberean, eta itsasoak eraman zuen, baina nabigazio ekimen hura ez zen Marlborok babestutako txapelketa arrunt bat, ekimen politiko bat baizik, urteetan zokoratua eta desagertzera kondenatua izan zen herri baten erroak berpiztea baitzuen helburu.

Eddieren aitak ez zuen bozkatzeko eskubiderik izan urte luzeetan eta beste hainbat eskubide ere urratuak zituen bertako beste kide askoren moduan, baina inork ez zion horretaz galdetzen, alde horretatik ez zen existitzen, igandeetan surf egitera umeekin joaten zen gizon xelebre gisa baino ez zuen lekua zuriek zuzendutako gizarte hartan. Haien oinordekoek –Eddie, kasu– bazterketa haren ondorio zuzenak jasan zituzten, ekonomikoak, kulturalak eta politikoak, baina surf egin zezaketen, eta horrekin dirudienez, dena konponduta zegoen, zurien begietara behintzat, izan ere, uretan ilehorien eskubide berberak zituzten.

Niri ere zenbait komunikabidetatik deitu izan didate surflari naizen aldetik hitz egiteko edo haien programa-iragarkietan solasean aritzeko. Batzuetan ezezkoa eman diet, ez baitut ulertzen surflari gisa zergatik onartzen nauten eta bere eskubide zibil eta politikoak errespetatu beharko litzaizkiokeen herritar gisa berriz, haientzat hutsaren hurrengoa naizen. Horregatik, gaurko artikulu honetan, surflari gisa baino, euskal herritar gisa zuzentzen natzaizue eta ohikoa baino ernegatuago gainera, halakorik posible bada behintzat.
 

Nire herria, Zarautz, herri eskasa da, bertako olatuak bezala. Baina baditu benetan merezi duten pertsonak, Eddie Aikauk bezala, surflari, mendizale edo «plaierotako» jokalari baino lehen, zer diren garbi izan, eta beren izatea defendatzen dutenak. Horien izenak bai, Eddierena bezala, itsasoko urarekin idazten dira.

Orain bost egunekoa, ez zen Eddie Aikauk Waimean lehenengoz surf egin zuen "Asteazken handia", apirileko asteazken gris bat gehiago baino ez zen gure kostaldean. Uretan nintzela pankarta bat ikusi nuen kai gaineko horma erraldoian, Santa Barbaran. Pankarta bat, eta bi itzal, bi Aritz. Segituan pentsatu nuen espetxeratuak izan behar zuten bi herrikideak zirela, eta geroago jakin izan nuen moduan, ez nengoen oker.

Lagunak horman zintzilik ikusi nituen. Jarraian, «guk aginduak bete baino ez dugu egiten» esatea maite duten udaletxeko sasi-langileak ikusi nituen, "udaltzain" deitzen dituzten poliziez inguratuta, kartelak jartzeko bereziki jarri zituzten paneletatik kartelak kentzen. Geroago, Interneten surfeatzen, atxiloketako irudiak ikusi nituen eta ELAko zenbait afiliatu ikusi nituen, aspaldiko partez aurpegia estali gabe, horman zintzilikatu ziren bi gazteei eskuburdinak gibelean lotzen. Nola eraman zituzten ere ikusi nuen. Eta orain, kartzelan irudikatzen ditut, irudikatzen zaituztet, beste hainbat eta hainbaten moduan.

Gaurko honetan, agian Eddiek egingo lukeen moduan, olatu kontuak utzi eta, haiekin eta haiek bezala dauden edo zaudeten guztiei, nire lerrotxo hauek eskaini nahi dizkizuet, bide batez, surfa hizpide dudanean ere, batez ere, zuentzat ari naizela esateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo