Israelek palestinarrei eman beharreko dirua ez ematea erabaki du
Israelgo agintariei ez dute batere ondo hartu Al Fata alderdiak eta Hamas mugimenduak adostu duten akordioa eta hori zapuzteko presioa areagotu egin dute. Atzo erabaki zuten PAN Aginte Palestinarrari eman beharreko dirua ez ematea, nahiz eta dirua palestinarrena izan.
GARA
Yuval Steinitz Israelgo Ekonomia ministroak atzo agindu zuen PANeko ordezkariekin egin beharreko bilera bertan behera uzteko. Aipatu bileran bi aldeek adostu behar zuten zenbat diru eman behar dion PANi Israelgo Gobernuak, potentzia okupatzaileak kudeatzen baititu palestinarren esportazioek eragindako etekinak.
Israelgo «Yediot Aharonot» egunkariak egin dituen kalkuluen arabera, Tel Aviveko Gobernuak 60 milioi euro inguru eman behar zizkion PANi, azken urteotan adostutako itunen arabera. Baina diru hori israeldarren eskuetan geratuko da, palestinarren erabakiak baldin- tzatzeko helburuarekin.
Bestalde, Sylvan Shalom Israelgo Garapen ministroa oso kezkatuta dago Egiptoko agintari berriek hartutako erabaki batzuekin, batez ere aurki Gazako muga berriz zabaltzeko hartu duten erabakiarekin. «Oso kezkagarria da. Rafah hiriko muga zabaltzeak eragin dezake bertatik armak eta terroristak sartzea. Prest egon behar dugu Egipton eta Ekialde Hurbilean izango diren aldaketa garrantzitsuen aurrean», esan zion ministroak irrati publikoari.
Gazaren aurkako setioa
Egiptok joan den ostiralean jakinarazi zuen Rafah hiriko muga berriz zabaltzea erabaki duela. Al Fata eta Hamas Palestinako indar politiko nagusiek berradiskidetzerako akordioa sinatuko dutela jakinarazi zenetik bi egun besterik pasatu ez zirenean hartu zuen aipatu erabakia. Egiptok adierazi zuen erabaki hori hartu duela Gazako herritarrek jasaten duten setioa samurtzeko asmoarekin.
Gaur egun oso gutxitan egoten da muga zabalik, normalean itxita edukitzen baitute. Egoera horren biktima dira Gazan eskaintzen ez diren zerbitzu medikuen beharrean egonda, atzerrira joan behar izaten duten palestinarrak. Setioaren eraginez, dozenaka palestinar hil dira azken urteotan.
Salam Faijad Al Fatak Zisjordaniako Gobernuan jarri zuen lehen ministroak atzo bertan adierazi zuen israeldarren mehatxuek ez dutela lortuko palestinarren arteko batasuna helburu duen bidetik inor ateratzea.
AEBek bat egin dute israeldarrekin eta beraiek ere PANi ematen dizkioten diru laguntzak bertan behera uzteko mehatxua egin dute. Adituek diote Al Fataren eta Hamasen arteko akordioak asko okertzen dituela Obama presidentearen asmoak, bake prozesuari dagokionez. Eransten dute arabiarren matxinaden eraginez, PANeko agintariek jaramon gehiago egiten dietela orain herritarren eskariei, estatubatuarren presioei baino.
Hamas eta Fata negoziatzen ari dira batasun gobernuan nor sartu. Fatakoek Salam Faijad Zisjordaniako egungo lehen ministroak karguan jarraitzea nahi dute, baina islamistek ez dute hori onartu nahi.