GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Urrezko Aizkora

Larretxeak irabaziz hasi du ligaxka erabakigarria

p040_f02_666x666.jpg

Jon LEUNDA

Abiatu da final-laurdenetako ligaxka Urrezko Aizkoran, eta Donato Larretxeak irabazi zuen A multzoko lehen saioa Joxemari Olasagasti menderatu ostean, atzo, Zumaian, sekulako jendetzaren aurrean jokatu zen norgehiagokan.

Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren. Jarraian, tamaina bereko enborra erlojuz kontra erdibitu behar izan zuen aizkolari bakoitzak. Hirugarren lanean, tamaina bereko enborra zutik jarrita moztu behar izan zuten. Laugarrengoan 60 ontzakoa izan zuten aurrean, eta azkenik bi 45 ontzako eta lau kana-erdiko moztu behar izan zituen bakoitzak.

Kolpekakoan bi aizkolariek berdin egin zuten, bakoitzak 44 kolpetan bota baitzuen enborra. Bigarrengo lanean, erlojuz kontrakoan, Olasagastik aurre hartu zuen, enborra minutu eta segundo batean amaitu baitzuen, eta zazpi segundoren tartea atera zion aurkariari.

Hirugarren lanean, zutikakoan, alde horri buelta eman zion Larretxeak, bere lana minutu eta 36 segundoan amaitu baitzuen, eta gipuzkoarrak, aldiz, 2 minutu eta 19 segundoan. Azken-aurreko lanean, nafarrak aldea gehitu egin zuen, 60 ontzakoa minutu eta 44 segundoan amaitu baitzuen, eta igeldoarrak, berriz, hiru segundo gehiago behar izan zituen. Iraupen proba, 11 minutu eta 43 segundoan burutu zuen Larretxeak, eta 12 minutu eta 7 segundoan Olasagastik. Denetara, 16 minutu eta 55 segundo behar izan zituen Larretxeak, eta 17 minutu eta 58 segundo, berriz, Joxemari Olasagastik.

23 urtez azpikoetan Mugertza III.a, Irazabal eta Kortxero ziren neurtzekoak, baina azken honek ezin izan zuen parte hartu tripetakoak jota zegoelako. Azkenean, Mugertza II.a izan zen aurrera egin zuena.

19 urtez azpikoetan bi neurketa jokatu dira. Herenegun Urduñan, Eneko Saralegik irabazi zuen Ussiaren eta Lopezen aurretik, eta atzo berriro ere gauza bera egin zuen Estibalizen Etxeberria II.aren eta Ussiaren aurretik.

Apustua egin dute

Joseba Otaegik eta Xabier Zalduak apustua egin zuten atzo arratsaldean Azpeitian. Otaegik luzatu zion desafioa egiteko gonbita Zalduari, eta azkenean ados jarri ostean dena prest dute.

Kirolari bakoitzak hamar kana-erdiko eta lau 60 ontzako moztu beharko ditu, eta jarraian zortzi kilometro egin beharko dituzte korrika. Neurketa urriaren 30ean jokatuko da Azpeitiko zezen-plazan, 12.00etatik aurrera. Alde bakoitzak 5.000 euro jokatuko ditu dirutan. Otaegik 14 kana-erdiko aizkoran eta 6 kilometro korrikan egiteko desafioa bota zuen, eta ados jartzeko gauzak apur bat aldatu behar izan badituzte ere, azkenean norgehiagoka jokatuko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo