GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Euskal kulturaren Nontzeberri.com ataria eraberrituta dator

Internet bidez euskal kultura hedatzea helburu duen Nontzeberri.com atariak web orria estreinatu berri du. Itxura eraberritzeaz gain, zerbitzu gehiago eskaintzen ditu, esaterako, kultura arloko eragileentzat bannerrak edota Infokultura atala.

p059_f01_97x104.jpg

A. ARRUTI | BILBO

Estiloz eta formaz eraberrituta dator Nontzeberri.com ataria. Suspergintza elkartearen egitasmo honek kultura sarean hedatzea du xede, eta pasa den urtean proiektua taxutzen aritu ostean, dagoeneko martxan dago eta erantzun paregabea ari da izaten. Iñaki Landa webguneko diseinatzaileak GARAri adierazi dionez, bisitari kopurua bikoiztu egin da aldaketarekin.

«Nontzeberrik, bizitzeko modu kultural bat, kezkabide ezberdinak, kulturaz beteriko mundu horretan gertatzen ari denaz ohartzeko bidea ahalbidetuko du», azaldu dute kideek. «Hala, euskal blogosfera osatua eskainiko du, bideorik interesgarrienak eta ikusienak, musika talderik berrienen gaineko informazioa, oso ezagunak diren hainbat lehiaketa, asteroko elkarrizketa interesgarriak, eta horrez gain gure zerbitzu berriak: Infokultura, Asteko Plana eta bannerrak».

Azken horiek dira, hain zuzen ere, nobedade nagusiak. Infokulturaren bitartez, kultura arloko eragile publiko zein pribatuei laguntzen diete helarazi nahi duten informazioa zabaltzen mailing-aren bitartez. Bannerren bidez, publizitateari atea ireki dio Nontzeberri.com atariak.

Bestalde, posta-zerrendan alta emanez gero, Asteko Planaren bidez, zazpi ekitaldirako proposamenak bidaltzen dituzte boletin informatibo kultural gisa.

Artea, bertsoak, literatura, musika... sailetan antolatuta ageri dira albisteak atari berrian eta sortzaileei euren lana zabaltzeko tartea ere eskaintzen diete Argazkigelan -nahi duenak bere irudiak zintzilikatu ditzake bertan- edo KaleSoun txokoan. Euskal musika taldeek euren kantuak bidal ditzakete bertara, eta Nontzeberri irratian daude entzungai.

SORTZAILEAK

Albisteak eta publizitate zein «mailing» zerbitzuak eskaintzeaz gain, sortzaileentzako txoko ugari dituzte aukeran, hala nola argazkiak zintzilikatzeko Argazkigela edo musika taldeentzako KaleSoun.

Larunbatean ospatuko dute Nontzefilmak gaua

Hirugarren urtez, Nontzeberri.com atariak Nontzefilmak Nazioarteko Zinema eta Animazioko Film Laburren lehiaketa antolatu du eta larunbat honetan jakinaraziko dute zein diren aurtengo irabazleak. Lehiaketan parte hartzeko, filmek hiru minutu eta erdiko iraupena izan dezakete gehienez, eta FANT jaialdiaren amaierarekin batera Bilboko Alondegian egingo duten Nontzefilmak gauean aurten aurkeztu diren 125 filmetatik aukeratu dituzten hogei onenen proiekzioa egingo dute. Atarian dagoeneko ikusgai jarri dituzte hogei film labur horiek. Aurten ere sari mardulak prestatu dituzte. Zinema nahiz animazio sailean, 2.000 euroko saria izango da film onenentzat, 1.500 bigarrenarentzat eta 900 hirugarrenarentzat. Euskaraz eginiko lan onenak, berriz 1.000 euro jasoko ditu. Film guztiek euskarazko azpitituluak izango dituzte. A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo