GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Aiaraldea.com Interneteko atariak bete berri duen urtean 129.000 bisitari izan ditu

GARA | LAUDIO

Aiaraldea.com Interneteko atariak urtea bete berri du, oso emaitza onekin. Izan ere, Arabako eskualde horretako udalerrien informazioa jorratzen duen webguneak 128.754 bisita izan ditu urtebetean, eta nabarmendu dutenez, urtean zehar haziz joan da bisitarien kopurua, %31ko hazkundea izateraino.

Urteurrena dela-eta, bideoa prestatu du atariak sorreratik hona egindako ibilbidea azalduz. Proiektuaren bultzatzaileek diotenez, «komunikazioa da helburua», eta «informazio euskalduna eta euskaraz» eskaintzea. Bide horretan emaitza esanguratsuak lortu dituzte. Eguneko, 350 lagun sartzen dira webgunera.

Albisteetan, 160.328 sarrera

Laudio, Amurrio, Urduña, Orozko, Aiara, Artziniega, Okondo eta Arrankudiagako berriak jasotzen ditu atariak. Arduradunek nabarmendu dutenez, albisteei eskainitako tartea da bisita gehien jasotzen duena: 160.328 sarrera.

Bideoen atala ere ez da atzean geratzen, Aiaraldea.com-ek ekoiztutakoek 66.299 sarrera izan baitituzte, eta guztira 63 bideo jarri dituzte. Kontuak egin dituzte, eta 1.271 albiste inguru eskaini dituzte urtebetean. Atal horretan, Estatu espainoleko kartzela politikaren eraginez hildako Pili eta Fontsoren buruzko erreportajea izan zen sarrera gehien izan zuen bideoa. Bestalde, agendak bereziki izan duen gorakada nabarmendu dute.

Proiektu berriak martxan jartzeko asmoarekin sortu zen herri ekimenak sorreratik erakutsi duen «ilusioarekin» jarraitzeko asmoa azaldu du, «eskualdeko herritarrei, elkarteei eta erakundeei ahotsa emanez».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo