GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Tintontzitik kanpora

Langileen egunaren biharamunean, film bat ikusteko iradokizunarekin natorkizue. Estatubatuarra dela aintzat hartuta, hau da, zenbait unetan dituen «amerikanadak» alde batera utzita, film on eta oso interesgarritzat dudana, benetako egitateetan oinarritua: «North Country» («En tierra de hombres» gaztelaniaz). Langileen eguneko manifestazio eta ekitaldietan segurtasuna, baldintza duinak, erakunde eta enpresarien konpromisoak eta abar aldarrikatu ostean, emakume langileek zehazki jasan beharreko traba eta zailtasun erantsi bati buruz diharduelako, sexu-jazarpenari buruz, hain zuzen. Une batean arreta pitz diezagukeen berririk egon ezean, ez dagoela edo ezohikoa dela uste dugun kontu hori. Agendetan apenas dagoen gai hori.

Sexu-eraso mota honen egileek isiltasuna, sekretua, hain zuzen, izaten dute konplize nagusia; boterea eta eskrupulo eza sustatzaileak, lan-hierarkiaren araberako biktimaren mendetasuna eta bizitza aurrera atera beharra laguntzaileak, gerora beldurra eta lotsarekin batera; baina bide-emaile nagusia, dudarik gabe, isiltasuna. Norberarena eta ingurukoena. Ez da zaila jarrera hori ulertzea, salatzeak, horretan laguntzeak edo lankidearen alde aurpegia emateak langabezia eta bazterkeria ekar dezaketela sinetsiz gero, seme-alaben heziketa eta jana arriskuan jar daitezkeela uste izanez gero, ingurukoen jarrerarekiko izan dezakegun konfiantza kolokan jarriz gero.

Horregatik da hain eraso erraza; batetik, inork ez duelako bere ogibidea jokoan jarri nahi eta galtzeko beldurrak gehiegi irenstera eraman gaitzakeelako, barrua ahuldu arte lotsatuta, eta bestetik, sexu-erakoa izanda besteen galtzetan ez sartzeko jarrerak jarraitzen duelako nagusi izaten gure artean. Hau da, besteen zoritxarraren aurrean sorgorrarenak egiteko jokabideak, enpatia eta elkartasuna itoaraztekoak.

Horrek guztiak hedarazten duen ikusezintasunak ez du esan nahi, ordea, lanean sexu-jazarpena jasan behar duten emakumeak gutxi direnik. Kasuak izango dira eskandalagarriagoak edo arinagoak, izango dira fisikoak edo ahozkoak besterik ez -«bo, ez da hainbesterako» filosofia ustelari eutsita-, nabarmenagoak edo ezkutuagoak gainerakoentzat, baina beti dira larriak, beti umiliagarriak, eta beti emakumeen kontrakoak. Salbuespenak salbuespen, baina horiek bai benetako salbuespenak. Laneko sexu-jazarpenak ere, eremu horretako bestelako zenbait bidegabekeriak bezalaxe, emakumeak gaitu helburu. Eta borroka honetan, besteetan lez, ingurukoen laguntza eta elkartasuna ezinbestekoak ditugu irabazteko, egia azaleratzen laguntzea eta justizia egin dadin ahalbidetzea euren eskuetan dutenena. Borroka guztietan bezala, batasunak baino ezin duelako behar adinako indarra eman boteretsuen aurrean.

Ederki islatzen du hori guztia arestian aipatu filmak. Ederki erakusten duen bezala eraso mota honetatik babesteko dugun legeria zein gaztea den, eta zein heldu beharrekoa, gizartean esparrurik baldin badago non gizonaren gehiegizko nagusitasun eta boterea argi baino argiago dagoen, hori lan-mundua baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo