Jose Miguel Betelu Ziganda Administrazioan Euskaraz Taldea
Berriz ere euskarazko eskaintzarik gabe
Hello Rochapea eta Hello Azpilagaña Haur Eskolen kudeaketa berriz atera du lehiaketa publikora Iruñeko Udalak. 2012ko uztailaren 31ra arteko lana izanen dute enpresa berriek, 2 urte gehiagoz luzatzeko aukerarekin. Orain arte Alvagua enpresa arduratu da bi haur eskola horien kudeaketaz. Eskaintzen duten eredua hauxe da: gaztelaniaz, ingelesezko jarduerekin.
2003ko urtarrilean 2.689 sinadura aurkeztu ziren Iruñeko Udalean Arrotxapeako Haur Eskola hori euskaraz izan zedin. Urte hartan Iruñean egindako galdeketaren arabera, euskarazko eskaera %63koa zen, auzoan aukera edukiz gero. 2004ko otsailean indarrean dagoen eredua eta pribatizazioa onartu zituen Iruñeko Udalak. 2007ko maiatzean 2.197 sinadura aurkeztu ziren euskarazko haur eskola kopuru nahikoa eskatzeko, Azpilagañako Haur Eskola ireki behar zutenean. Alferrik. Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantzaren 26. artikuluak hauxe dio: «Haur Eskolak hedatzeko plan orokorraren barruan, euskarazko haur irakaskuntzarako eskaerak aintzat hartuko dira, ahal den modurik hoberenean bermatuz gurasoek euren seme-alabendako hizkuntz eredua hautatzeko duten eskubidea».
Noiz arte arituko da Iruñeko Udala arauak eta jendearen borondatea mespretxatzen?