Aste honetan igorriko dute Ekuadorrera Zarumaren gorpua
Aste honetan bertan eraman ahal izango dute Jeanella Zarumaren gorpua bere sorterrira, Ekuadorrera, bere gurasoek atzo Iruñean azaldu zutenez. Nafarroako jendarteak eman dien sostengua eskertu eta justizia aldarrikatu zuten Kleber Zarumak eta Natividad Cabrerak.
Martxelo DIAZ | IRUÑEA
Jeanella Zarumaren, indarkeria matxistaren ondorioz Nafarroan azken hamar urteotan hil den hamaikagarren emakumearen gorpua aste honetan igorriko dute Ekuadorrera, egin behar ziren azken tramiteak burutu ondoren, atzo Iruñean bere gurasoek, Kleber Zarumak eta Natividad Cabrerak, adierazi zutenez. Astelehen Lilak elkarteko kide Tere Saezek azaldu zuenez, Zarumaren kasuan esku hartzen ari diren udalak abokatu bakarraren bidez ari dira bideratzen salaketa prozesua, eta horri esker aurreztu den dirua baliatuko dute gorpua Ekuadorrera eraman ahal izateko.
Horiek horrela, Zarumaren kasuan gertatutakoa aurrerapausotzat jo zuen Saezek, emakumeak babesteko oraindik egiteko asko dagoela nabarmendu bazuen ere.
Hein horretan, babeserako neurrien koordinatzea Nafarroa osora hedatzea eskatu zuen Saezek. Gaur egun Iruñera mugatzen baita koordinazioa hori.
Bestalde, indarkeria matxistako kasuetan herri epaimahaia erabiltzea kritikatu zuen Saezek, bertan daudenek ez dutelako «genero arloan formaziorik jaso». Bide batez, gogor kritikatu zuen kasu hauetan isunaren dirua ordaintzea eta mozkortuta aritzea aringarritzat hartzea.
Maria Puy Perezen heriotza dela-eta aurki egitekoa den epaiketan aurretik Nagore Laffagerekin gertatu zena errepikatu daitekeela nabarmendu zuen. Zentzu horretan, Asun Casasola Laffageren amak Justiziak ez duela bere lana betetzen adierazi zuen. Tere Saezek emandako datuen arabera, iaz 1.210 emakumek jarri zituzten salaketak Nafarroan. Horrekin batera, peñei aurtengo sanferminetan, uztailaren 7an, hildako emakumeen omenez zapi morea erabiltzeko eskatu diela jakinarazi zuen. Bestalde, atzo hileko lehen astelehena izanda elkarretaratzea egin zuten Iruñean.