GARA > Idatzia > Kultura

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak klasikoa utzi eta tangoa zein jazz eta pop doinuak joko ditu

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak KlasikAT zikloaren edizio berria antolatu du datorren ekainaren 4tik 8rako. «Swing Gaua» izeneko emanaldia eskainiko du, era askotako musika estiloak nahastuz bertan.

GARA | DONOSTIA

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak musika estilo ezberdinen interpretazioa eskainiko du datorren hilaren 4tik 8ra bitartean. XX. mendeko lehenbiziko erdiko amerikar musika herrikoia, Piazzollaren tangoa, pop musika, jazza eta kubatar son-a bilduko ditu KlasikAT zikloa dela-eta antolatutako lau emanaldietan.

Kontzertuak ekainaren 4an Gasteizko Principal antzokian, 6an Donostiako Kursaal auditoriuman, 7an Bilboko Arteria Campos Eliseos antzokian eta 8an Iruñeko Baluarte auditoriuman izango dira, eta guztiak 20.00etan hasiko dira. Sarrerak salgai daude dagoeneko eta 15 euroko salneurri bakarra izango dute. Ohiko salmenta-bideetan eta kontzertuak izango diren aretoetako leihatiletan erosi ahal izango dira.

KlasikATen harira izandako lehenbiziko kontzertuetan jazz latindar garaikidearen izen gailenetariko bat den Michel Camilo piano-jotzailea izan zen protagonista. Oraingoan, Euskadiko Orkestrak Enrique Ugarte tolosarra izango du zuzendari lanetan, eta berarekin batera, Susana Raya jazz-kantari eta gitarrista kordobarra arituko da. Rayak nazioarte mailako hainbat lehiaketetan parte hartu du, baita sari mordoa irabazi ere: hala nola Monakon izandako Jazz Bakarlarien IX. Nazioarteko Lehiaketan hirugarren saria lortu zuen, Italiako jazz bakarlarientzat International Massimo Urbani Award sariaren finalista izan zen eta Granadako Jazz Interpreteen II. Nazioarteko Lehiaketan espainiar talde onenaren saria irabazi zuen. Gainera, atzerrian jazz jaialdi ugaritan aritu da: Sudtirol Jazz Festival (Italia) edota The Silk Road Festival (Siria), besteak beste. Egun ekoizpen diskografiko berri bat prestatzen ari da kantari, gitarra-jotzaile eta konpositore gisa arituko delarik.

Bestetik, pianoaz, bateriaz eta kontrabaxuz osatutako Iñaki Salvador Trío jazz hirukote donostiarrak eta Golden Apple Quartet taldeak ere parte hartuko dute zikloan estilo, ahots eta musikaren ikuspegi anitz hauen guztien eskutik, Cole Porter, Astor Piazzolla, Gershwin, Ruiz Quevedo edo Chick Corearen obrak interpretatuz.

KlasikAT izeneko egitasmo honekin Euskadiko Orkestrak bere musika eskaintza publiko anitzei zabaltzea du helburu, musika klasikoaz urrun geratzen diren eta orkestra baten ibilbide sinfonikoan arrotzak diren errepertorioak landuz. Horretarako, Orkestrak bere musika-alorrean nabarmenak diren artista ospetsuekin bat egiten du.

SAREAN BARRENA

KlasikAT zikloak sare sozialak ere erabiliko ditu, tresna horien jarraitzaileek bilgune moduan erabil dezaten. Facebook eta twitter sareetan tokia egin du beraz, zikloak, baita «www.klasikat.euskadikoorkestra.es» webgunean ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo