GARA > Idatzia > Mundua

Independentisten boto galera tarteko, errotiko aldaketa iragarri dute Quebecerako

Boz orokorren harira, ikusmina izugarria zen atzo Kanadan. Are gehiago Quebecen, inkestetako datuek Bloc Quebecois alderdiaren beherakada nabarmena iragarri baitute. Emaitzak gaur plazaratuko diren arren, askok ziurtzat jo dute independentisten porrota.

p024_f01_199X107.jpg

GARA | MONTREAL

Hauteskunde orokorrek eragin ohi duten legez, ikusmina izugarria zen atzo Kanadan; are gehiago Quebecen, azken asteetako inkestek hogei urteetan boto gehien jaso dituen Bloc Quebecois alderdi independentistaren beherakada nabarmena iragarri ostean. Nanos Research agentziak atzo jakinarazitako datuen arabera, %23,9an kokatu du independentistekin bat egiten dutenen kopurua, hots, pasa den martxoarekin alderatuz hamabost puntu beherago. Horrek izugarri alda dezake Quebeceko abagune politikoa, Bloc Quebecoisen indarra dozena bat diputatutara mugatuta gera bailiteke, herrialdeko laugarren indarra izatera igaroz.

Independentisten beherakada NDP sozialdemokrataren mesedetarako izango dela dio, halaber, agentzia horren azterketak, martxoan jasotako %14ko sostengua %37,4ra igo baita hilabeteotan. Adituek diotenez, Quebecek hautatu behar dituen 75 diputatuetatik 40 eskura ditzakete sozialdemokratek. Ez dute uste, dena den, NDPko sozialdemokratei independentisten gainbeherak bakarrik egingo dienik mesede, kontserbadoreek zein liberalek ere boto galera izango dutela baitiote inkestetako datuek.

Nolanahi ere, Bloc Quebecois alderdiaren galgak eragin du ezinegon gehien herritarren artean. Pasa den astean, hain zuzen, NDP alderdiaren aldeko botoa eskatuz gutuna igorri zuten Bloc Quebecoiseko bi kide esanguratsuk komunikabideetara, eta horrek are gehiago bizitu ditu kezkak. «Sozialdemokratak Parlamentuaren atarian aurkitzen dira. Tristea litzateke gure herriaren elkartasun eta justizia baloreak defendatzeko Ottawara diputatuak bidaltzeko aukera baliatuko ez bagenu quebectarrek», argudiatu zuten gutunean.

Aldaketa egarria

Herritarren aldaketa-egarria aintzat hartuta justifikatzen dute adituek independentisten beherakada. Azken urteetan ere sektorearen apalaldia nabaria zela diote; 2004ko bozetan 54 diputatu lortu zituzten, 51 ordezkari handik bi urtera eta 49 diputatu 2008ko hauteskundeetan. Alabaina, 1990eko hamarkadan eratu zenetik, Bloc Quebecoise independentistak ez zuen sekula horrenbesteko jaitsierarik izan, eta horren arrazoien azterketara eraman ditu aditu asko eta asko.

Kontuak kontu, azken emaitzak berebiziko garrantzia izango du, ez bakarrik Queceben, baita Kanada osoan ere. Independentziaren auzia ezegonkortasunaren zio nagusietako bat izan da herrialdean; 1980. eta 1995. urteetan, bina galdeketa burutu zituzten independentziaren inguruan, eta ezezkoak irabazi arren, oso alde txikiarekin egin zuten ¯sei hamarreneko besterik ez azken horretan¯. Halaber, Quebec da Kanadako Konstituzioa ontzat ematen ez duen probintzia bakarra.

Goizeko 08:30etan ¯06:00ak Euskal Herrian¯ zabaldu zituzten atzo hauteslekuak, eta emaitzak gaur arte argituko ez diren arren, askok ziurtzat ematen dute independentisten porrota.

Alderdi Kontserbadorea, gehiengo osoaren bila

Goizean goiz zabaldu zituzten hautestontziak atzo Kanadako lurralde osoaren luze-zabalean, eta horrekin batera hasi ziren hauteslekuetara hurreratzen botoa ematera deituak izan diren 24 milioi kanadarrak. Interes handia sortu dute boz orokor hauek, batik bat, haien motiboa zein den ikusita; izan ere, pasa den martxoan Gobernuren aurkako zentsura mozioa onartu zuten Parlamentuan, honi men ez egitea leporatuta.

Alta, martxotik hona egindako inkestek jarduneko presidente den Stephen Harperren Alderdi Kontserbadorea kokatu dute garaile. Ezustea eragin du, hala nola, sozialdemokraten gorakadak inkestetan. Horrek arriskuan jartzen du orain artean bigarren indar izan den Alderdi Liberalaren kokalekua, hirugarren postura jaistearekin mehatxu eginez. Nolanahi ere, Kanadako bozketa sistema hertsiak ezinezko egiten du emaitzen aurreikuspen fidagarririk egitea, baina barruti liskartsuenetan liberal eta sozialdemokraten artean egon litekeen boto banaketa tarteko, Alderdi Kontserbadoreak gehiengo osoa eskura dezakeela sumatzen dute adituek; alabaina, kontserbadoreen aldeko gehiengo sinplea egon litekeenik ere ez dute baztertzen, zentro-ezkerreko balizko koalizio bati ateak irekiz. GARA

EMAITZAK, GAUr

Quebeceko hauteslekuak atzoko azken orduan itxi ziren arren, emaitzak ez ditugu gaur arte ezagutuko, Kanadako bozketa sistemak debekatu egiten baitu hautesleku guztiak itxi arte emaitzarik plazaratzea. Probintziatik probintziara dagoen ordu-aldea tarteko, gaur gauerdian itxiko dute azken hauteslekua, Britainiar Columbian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo