Joxemari Carrere Ipuin kontalaria
Haizearen makina
Lagun kontalari batek pasadizo liluragarria kontatu zidan. Liburutegi batean ipuin saio bat zuela bertara agertu, eta harrituta gelditu zen haur bakarra ikusterakoan. Neskak 6-7 urte izango zituen eta aurre-aurrean zegoen eserita, ipuina noiz hasiko zain. Lagunak, zer egin ez zekiela, esan zion agian saioa bertan behera utzi beharko zutela. Orduan neskatxak esan zion, tinko: «Ez naiz ipuinak entzutera etorri, `Haizea sortzen duen makinaren etxearen' istorioa entzutera etorri naiz». Lagunak, are harrituagoa, erantzun zion berak ez zekiela ipuin hori. «Bai, jakin behar duzu -neskak sendo-, zuk istorioak dakizkizu eta hori kontatu behar didazu, bestela nire lagunek ez dute sinistuko etxe hori existitzen denik, eta gezurti bat naizela esango dute». Hori esan bitartean, neskak begietara zuzen begiratzen zuen laguna, istorioaren zain. «Eta zer egin zenuen?», galdetu nion. «Ipuina kontatu nion, ezin nuen utzi bere lagunek gezurtitzat har zezaten».
Ipuinak kontatzea eta entzutea ez da ekintza arina, ez da denbora-pasa soila. Ipuin saio bat ez da kultur egitarau bateko lerro abandonatua; kontalaria ez da haur zaintzailea. Istorioak kontatzea haurtzarotik zahartzarora pertsona humanoen baitan habia egindako kezkei irtenbidea ematea da; gezur batean bizi ez gaitezen. Eta hori oso garrantzitsua da.
Ipuin kontalariaren eta entzulearen artean sortzen den harremana hitzetatik harantzago doa. Baina, agian, orain jakin nahiko duzue zer istorio kontatu zion nire lagun kontalariak neskatxari? Bere ipuin saio batera joan beharko duzue jakin nahi baduzue. Edo neskari galdetu.