Banakako lehiaketak publikoaren aldetik ez dauka erantzuna ona
Harmailak, buruz burukoaren gainditu ezineko azterketa
Txapelketaren erdia jokatuta, uste baino jende gutxiago hurbildu da partidak bertatik bertara ikustera.
Jon ORMAZABAL
Txapelketa sisteman edota sakean egindako aldaketak aldaketa, buruz buruko lehiak gainditu ezineko langa edo muga bat dauka azken urteetan: jendea pilotalekuetara hurbiltzea. Arrazoi batzuk edo besteak medio, historikoki urteko txapelketarik garrantzitsuena izan ohi zenak jendea pilotalekuetara erakartzeko indarra galdu du eta jokatutako lehen bi jardunaldietan gehiegi izan dira frontoietan hutsik geratu diren aulkiak.
Iñaxio Errandoneak, Aspeko zuzendari komertzialak, atzo GARAri aitortu zionez, enpresek jende gehiago espero zuten orain arte jokatutako partidetan, batez ere Iruñean eta Eibarren, salbuespen batekin, Ezkarain Albisuk eta Merino II.ak jokatutako partidan. Aberri Egunean Errioxan jokatutako lehian «oso sarrera ona» egon omen zen, baina gainerakoetan, «jende gehiegirik ez».
Rafa Etxeberriak ere, Asegarceko logistika arduradunak, «gauza flojo xamar» joan dela onartu zigun, arrazoiak zein diren oso ziur ez dakien arren. «Binakakoak oso erantzun ona dauka, baina buruz burukoak ez du gantxorik, gainera beste urte sasoi bat da, eguraldi hobea egiten du eta horrek ere eragina izan dezake», gaineratu zuen. «Nahi edo ez, ikuskizuna ez da bera, partidak azkarragoak dira eta binaka lehiakortasun handiagoa egongo dela bermatuta egoten da», azaldu zigun Etxebarriak.
Iñaxio Errandonea bat dator buruz buru partida on bat ikustea zailagoa dela esaten dutenekin, askoz errazagoa baita lehia alde batera lehenago apurtzea, baina aurtengo txapelketa ematen ari den maila defendatu zuen. «Azkainen ikusi genuen bezalako partida bat ikustea ez da erraza, Bengoetxea VI.aren eta Aritz Lasaren arteko partidaren lehen zatia ere oso ona izan zen, Ezkaraikoa ere ondo egon zen... baina jendea erakartzea kosta egiten da. Espero dut pilotari handiak sartzen direnean hau gehiago mugituko dela».
«Argi dago garai batean buruz buruko txapelketa garrantzitsuena zela, baina orain agian binakakoak eta lau eta erdikoak aurre hartu diote. Hala ere, niretzat behintzat, ez dago gauza ederragorik buruz buru partida on bat ikustea baino. Buruz buruko partida on bat ikusteak pilo bat betetzen zaitu».
Bilboko azterketa
Horiek horrela, normaltzat jo daiteke enpresek Bilboko pilotaleku erraldoira oraindik txapelketako partidarik eraman ez izana. Oraindik ofiziala egin ez bada ere, badirudi bi izar handienek, Juan Martinez de Irujok eta Aimar Olaizolak, elkarren artean jokatuko beharreko partidan ausartuko direla 3.000 eserlekuko pilotalekuko azterketa egitera.
Bilboko kasua, ordea, «oso berezia» da, ez baita ahaztu behar, orain hilabete eskas, lehiaketarik gabeko jaialdi batean jendea sartu ezinda geratu zela sarrerak agortu zirelako. Enpresetako bi arduradunen ustez, hala ere, orduko horrek ez du balio erreferente gisa, Bizkaiko Aldundiak pilotalekua herritarrei erakusteko modu bat izan zelako, sarrerak bost euroan ipiniz. Prezio merkeek eta inguruan zegoen pilota goseak baldintzatutako kasu bat izan zen eta ikusi egin beharko da urtean zehar programatuko diren gainerako jaialdietan pilotazaleen erantzuna zer-nolakoa den.
Txanponaren beste aldean legoke «pilotaren katedrala» ere esaten dioten Eibarko Astelena pilotalekua. Historia eta xarma berezia duen arren, munduko pilotalekurik handiena dela ere esaten dute askok, sekula betetzen ez delako. «Eibar oso plaza exigentea da. Partida handietan jendeak erantzun egiten du eta ez horren handietan gutxiago. Gainera, garai ekonomikoak ere ez dira onak eta pilota muga horretan dago. Baina beti itxaropentsu egon behar da, orain datoz-eta unerik onenak», esanez amaitu zuen Errandoneak.