GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Begia begiagatik, hortza hortzagatik: Bin Laden hil dute baina ez haren mitoa

Osama bin Ladenen heriotzak inplikazio askotarikoak ditu. Estatubatuarrentzat beren iruditeriako deabru beldurgarrienaren -bere garaian Hitler eta Stalin izan ziren neurrikoa- exorzismoa izan da, garaipenaren estasi sentimendu baten leherketa frenetikoa. AEBetan errua eta zigorra ulertzeko modu partikularrari jarraiki, «begia begiagatik, hotza hortzagatik» justizia ulertzeko erak gidatu du hura hiltzeko talde berezien operazioa. Sarkastikoa dirudi, baina iazko Bakearen Nobel saridunak hala erabaki duelako. Dudarik gabe, Obamarentzat esanahi handiko tantoa irabaztea izan da. Kaleetara pozarren atera zirenetako askok erakusten zituzten afixetan irakur zitekeenez, «Obama 1-Osama 0» bezala hartu baitute Bin Ladenen heriotza.

Mundu islamdarrean, oro har musulmanen artean, berriz, bestelakoak dira ondorioak. Askorentzat gizona bezain mitoa zen, Mahoma profetaren erara -musulmanak gidatu zituen sinesgabeak kanporatzeko, baita jazarpenean Korana errebelatu ere- egindako printze askatzailea, idolatratua zen ikonoa. CIAk «terrorismo globalaren iparrizarra» deitzen zuenak, Egiptotik Txetxeniara eta Yemenetik Filipinetara talde militante ugari Al Kaedan biltzea lortu zuen, mugarik gabeko islam erradikalaren anaitasunaren idealari bide emanez.

Al Kaeda -«egoitza» esan nahi duen hitza- deitzen ziren, edo haren izenean aritzen ziren talde askotarikoek Indonesiako Balin turistei eta Madrilen bidaiarien trenei eraso diete, Afganistanen eta Iraken indar okupatzaileak borrokatu. Baina dudarik gabe, 2001ko irailaren 11n New Yorkeko dorre bikiei eginiko erasoa izan da bere ekintza ezagunena.

Pakistanen papera zein izan den argitzea garrantzitsua da. Abbottadad hiriko luxuzko etxebizitza batean hil dute, armadaren akademia nagusitik metro gutxira, jeneral pakistandarrak bizi ziren auzune batean. Hainbatetan esan zuten legez, Bin Laden ez zen kobazuloz kobazulo bizi, eta analista askoren iritziz, ISIren -pakistandar zerbitzu sekretuen- babesik gabe ezin izango zukeen hamarkada batez bizirik eta operatibo mantendu. Erantzun gogorrak espero dira, ez soilik kontuak eskatuko dituzten AEBen partetik, baita bertako milizia eta erakunde islamista armatuen aldetik ere.

Azkenik, Afganistango egoeran izan dezakeen eragina ikuskizun dago. Bin Ladenen heriotzak estatubatuarren mamuak uxatu baditu eta Afganistan okupatzea mendeku egarria asetzea izan bazen, orain bertatik ez alde egiteko aitziakirik ez dago.

Sugeari burua moztu diotela esan dute. Baina munduan izan dezakeen eraginari begira, Bin Laden ez dago gaur herenegun baino hilago. Bere benetako heriotza berak hartu zuen bidea bukatua edo bera ahaztua izatean gertatuko da. Eta hori ez dirudi gaur bertan gertatuko denik. Mitoa gertaeraren gainetik egotea egitate bat da, ez mito bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo