GARA > Idatzia > Euskal Herria

Abaltzisketan ospatuko dute aurten Eskola Txikien Festa erronka berriei helduz

Prentsaurrekoan atzo adierazi zutenez, aurtengo Eskola Txikien Eguna Abaltzisketan izango da. Eskola, auzo eta herri txikiak bizirik mantentzeko helburuarekin, Txalburu eskola eta bertako 37 ikasle arituko dira, besteak beste, egun handiaren antolatze lanetan.
p020_f01_148x116.jpg

GARA |

Gipuzkoako Eskola Txikien Festa Abaltzisketan ospatuko da aurten, hain zuzen ekainaren 12an. Egun handiaren antolatze lanetan Abaltzisketako Txalburu eskola eta herriko gurasoak arituko dira. Txindokiren magalean kokatua, Abaltzisketa 300 lagun pasatxoz osatutako herria da. Tradizioz bertako bizilagunei «txalburu» deitzen diete, horregatik darama hain justu Txalburu izena eskola txikiak.

Proiektu txiki baina sendo honi jarraipena emateko Abaltzisketan egingo dute aurten eskola txikien aldeko jaia, eta besteetan bezala, ekainaren bigarren igandean. «Jaia eta ospakizuna etorkizuneko erronkekin uztartu nahi ditugu, ez baitugu ulertzen Abaltzisketarik eskola txikirik gabe», adierazi zuen atzoko prentsaurrekoan Joxe Ramon Mujikak, jaiaren koordinatzaileak.

Egun 27 eskola txiki daude Gipuzkoan. Eskola Txikietako Guraso Elkarteen Koordinakundeko buru den Mikel Olanok ere herri txikien eta eskola txikien arteko lotura nabarmendu zuen: «Garbi dugu eskola txikia herri txikietako bihotza dela».

Maldan gorako bidea

Abaltzisketako eskola txikiak bide nekeza izan du gaur egungo egoerara iritsi aurretik. 1975. urterako, esaterako, bazen eskola txikia herrian, baina urte horretan bertan ateak itxi zituen, eta ez ziren berriro zabaldu 1999. urtera arte. Orduan, Amezketako Zumadi ikastetxearen ikasgela gisa ireki zen, haur hezkuntza mailakoa.

Batzuen lanari esker, 2004/2005 ikasturtean lortu zen Txalburu izeneko eskola txiki propioa izatea Abaltzisketan. Haur Hezkuntza osoa bideratzen zuen baina Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailak baino ez.

2006ko abenduaren 22an, Santo Tomas egunean, eskolako gurasoen ordezkari batek, eskolako zuzendariak eta herriko alkateak Donostian egindako bilera batean Txalburuk Lehen Hezkuntza osoa, 6.maila izatea adostu zuten.

Gaur egun, lau gelatan banatutako 37 ikasle ditu Txalburu eskolak. Jangela zerbitzua ere badu, eta Herriko Ostatu Tabernan bazkaltzen dute egunero hamasei ikaslek. Orain, ekainaren 12rako festa nagusia prestatzen dihardute buru-belarri, egun handia izango baita guztientzat.

1988an hasi ziren Eskola Txikiaren festa ospatzen. Herri eta auzo eskoletako haur, guraso eta irakasleek elkarrekin egun eder bat igarotzea dute helburu nagusia. Urtero herri-auzo batean antolatzen dute; iazkoa, esaterako, Altzon izan zen, eta 2009koa, berriz, Berrobin.

txalburu

Txalburu herri eskolak antolatuko du aurtengo Gipuzkoako Eskola Txikien Festa. Gaur egun, 37 ikasle ari dira bertan, eta Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza osorik ematea lortu dute, horretarako bidea nekeza izan den arren.

non daude?

Eskola txikiak, besteak beste, Aduna, Aginaga, Aizarna, Aizarnazabal, Albiztur, Alkiza, Altzo, Andatza, Angiozar, Arroa, Berrobi, Errezil, Bidegoian, Elgeta, Ereñotzu, Gabiria, Igeldo, Ikaztegieta, Zubieta, Itsasondo eta Lizartzan daude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo