GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Ez digute ostu askatasunerako grina

Pozgarria da, inondik ere, Bildu udal eta foru hauteskundeetara aurkeztu ahal izatea. Pozgarria Bildu zein nahi duten hautagai zerrenda guztiak aurkeztea (oraingoz ez da guztiz hala gertatzen, baina beste baterako utziko dugu).

Tristea da, ordea, hauteskunde kanpaina hasteko garaian Bildu aurkezteko aukera izango ote zuen zain egon behar izatea. Tristea, inondik ere, udaletan, aldundietan, edozein instituziotan nork egon behar duen eta nork ez erabakitzea ez baitagokio inongo tribunali, ez gobernu bati, eta, are gutxiago poliziari. Erabaki hori herritarrena da.

Auziaren deliberazioa Auzitegi Konstituzionalaren osoko biltzarraren eskuetan zegoela iragarri zutenean, aukera handiagoa zegoela ematen zuen, baina nik ez nuen batere argi ikusten. Bildu hauteskundeetatik kanpo geldituz gero dena pikutara joango zela esaten zuenik ez zen falta... izan ere, ezkerreko independentismoaren eskaintzari horrelako erantzuna ematea lan handia eta esperantza asko zapuztuko zituen. Baina Bilboko eta Iruñeko plazetan bildutako milaka lagunek, asteartean Euskal Herri osoko kaleetara atera zirenak ikusita, instituzioetan ordezkaritza izanda zein izan gabe, zabaltzen ari den bide ezerosoa ibiltzeko prest dagoela erakutsi zuten. Ikusi nahi izan zuenak ikusi zuen eta jakinaren gainean dago. Eta Jon Agirre, Joxe Mari Sagardui, Joxe Mari Mujika eta euskal preso politikoak etorri zitzaizkidan gogora. Orain aspaldi ez dela -hala uste nuen nik- txoko honetan idatzi nuen zerrenda gogoratu zitzaidan, «Gizon haundixa» izenburua zuena, Jon Agirrek kartzelan 25 urte bete zituenean idatzia. Ordutik bost urte joan direla konturatu nintzen. Eta 25 urte haien ostean bost gehiago bete ostean, asteartean Jon Agirre, Aramaiora bidean, «ez dute ni aldatzea lortu», zioen, eta orain helburu berbera duela. Zenbat urte, zenbat eskubide eta aukera ostu dizkiguten. Askatasunerako grina, ordea, ez.

Zorionak Bilduri, zorionak ezkerreko independentistei; baina, batez ere -eta demokrazia hitz zimeldu bat baino gehiago dela uste dutenak bat etorriko dira-, zorionak Euskal Herriari eta espainiar demokratei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo