Floren Aoiz www.elomendia.com
Maiatzak 5, San Fermin!
Urte askotako gauen ondorengoa da oraingo goiza. Lan, sufrimendu eta ahalegin handien uzta da egun hauetako poza. Ezinezkotzat hartzen genuena gertatzen ari da. Indarrak biltzen ari gara, lorpen historikoa daOrdu gozoak bezain gogorrak Auzitegi Konstituzional espainolaren erabakia ezagutu artekoak. Bilbokoa zirraragarria izan zen eta Iruñekoa ez zen makalagoa, jende gutxiago izanik ere!
Udaletxe plazan, bestelako txupinazoaren zain bildutako jendetzak aro berria iritsia dela erakusten zuen. Jende aunitz, kolore askotakoak. Espainiar poliziak, lasai, bazter batean, harriturik. Eta harrigarria zen, baimendutako ekitaldiaren bukaeraren ordua pasata, jendea han gelditu zelako. Demokraziaren oinarrizko itxura duten lekuetan bizi direnek ez dute ulertuko, baina hemen, bereziki Iruñean, baimenik gabeko kontzentrazioak arrisku handiko kirola dira. Atzokoa ez, eta bildutakoek bazekiten.
Bagenekien hori ez zela ohiko ekitaldi bat izanen. Batzarraren kutsua hartu zuen hastapenean, eta parranda handi batena hondarrean. Anartean, emozioak, oroitzapenak, protestak, hurrengo urratsen inguruko proposamenak, klarionen banaketa, musika, dantza, sokarik gabeko sokatira, bertsoak, abestiak... Tentsio handia, baina umore ona: aurrera jarraitzeko determinazioa antzematen zen begietan, ezpainetan, hitzetan.
Rubalcabari ongietorria emateko planak, desobedientzia zibilaren inguruko ideiak eta pase foralaren aldeko deialdiak entzun ziren, besteak beste. Ez, ez zen ohiko elkarretaratzea. Baina, finean, eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimendua ez da ohiko erakunde bat, eta Bildu ez da ohiko alderdi edo koalizioa!
Zerbait berriaren itxura nagusitzen zen, baina ez hutsetik sortutakoarena, aspaldiko borroka eta lanaren fruituarena baizik. Zahar-berriaren xarma.
Iruñean, maiatzaren 5ean, «eskailera» ospatzen da: urtarrilak 1... uztailak 7, San Fermin. Non eta Udaletxe plazan bildu ginen, eta ezohiko besta egin genuen, hainbat aldiz ospatu baikenuen epaileen erabakia. Hasieran, baieztatu gabeko zurrumurruak, baina ikusi behar zen berri borobila iritsi zeneko giroa! San Fermin maiatzaren 5ean!
Hunkigarria izan zen, jakin bagenekielako Bilbon eta Euskal Herriko nahiz munduko leku frankotan gurea bezalako poza nagusitzen ari zela. Eta are hunkigarriagoa, «así, así, así hasta Madrid» leloen artean espainiar poliziak furgonetara igo eta atzeraka zihoazela ikusi izana.
Gauean, peña baten gozotasunean, erronka bota zion EAko buru eta Bilduko hautagai den batek ezker abertzaleko lagun bati: nork esanen zizun zuri boza emanen zenidala! Irrien artean, hausnarketa: egia zen!
Euskal Herria aldatzen ari da. Apustuak ausartak izan dira, dira. Urrats handiak egin dira une laburrean, irensteko astirik gabe, ia. Baina urte askotako gauen ondorengoa da oraingo goiza. Lan, sufrimendu eta ahalegin handien uzta da egun hauetako poza. Ezinezkotzat hartzen genuena gertatzen ari da. Indarrak biltzen ari gara, lorpen historikoa da.
Peñako barraren bestaldean, urte andana kartzelan emandako lagun batek, irria ezpainetan, baina barnean daudenak gogoan: «Bidaliezu mezu bat, Floren, gaur pozik egonen dira, baina gogorra da egunorokoa!». Bai, hau ere egia da, falta direnen oroitzapenean oinarritzen baita gure poza. Besta honek beste ospakizunen aurrekari izan behar duelako. Hala bedi!