GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Jaione Isazelaia Igartua Bergarako Bilduren hautagaia

Bildu gaitezen!

Horrelakoak esan zituen Ruiz de la Pradak, gerra osteko Bergarako lehenengo alkateak, herriko bi emakumeri buruz: jarraian transkribatzen den testua (Bergarako Udal Agiritegia, «1937-1938 Informes políticos».) eskuz idatzita dago eta alkateak berak sinatua dago.

«Xx Xx: Muy separatista y activa propagandista. El marido, Yy Yy, era concejal nacionalista vasco. Era presidenta de las Emakumes del Batzoki de Vergara, trabajaba constantemente y con el mayor interés en favor del separatismo vasco, habiendo intervenido activamente en las elecciones en favor del Frente Popular. Posición económica buena, su marido y su padre son panaderos.

Es mujer peligrosísima y tanto daño ha hecho en Vergara por su actuación política separatista que (?) ser fusilada si cae en poder de las Gloriosas tropas Españolas.

Y Zz Zz, lo mismo que la anterior».

Salaketa, epaia eta sententzia proposamena paper mutur batean. Gerra ostean gertatu zen, etsaia akabatzea zen helburu nagusia eta, ikusten denez, Bergaran egokitu zen alkate faxistak eskrupulu gutxi erakutsi zuen.

Ruiz de la Pradaren oinordekoek ez dituzte inoiz kondenatu ez gerran ez gerraostean egindako gehiegikeriak. Legearen babes osoarekin aurkeztuko dira datozen udal hauteskundeetara, haientzat ez da behin ere izan ez depuraziorik ezta koarentenarik.

Bildu koalizioa osatzen dugunok, aldiz, ibilbide demokratiko gardena duten alderdietako militanteak batzuk, nahiz ibilbide mota anitzak ditugun hautagai independenteok, goizetik gauera geure burua ilegaltzat ez ezik, ETA erakundearen testaferro garen akusaziopean debekatuta dugu, oraingoz, hauteskunde hauetan parte hartzea.

Fiskaltzaren inpugnazioaren sostenguak, izan duen ondorio dramatikoagatik ez balitz, barrez lehertzeko modukoak dira.

Bildu koalizioa osatzen dugunon erru bakarra, errutzat har badaiteke hori, aberriarenganako dugun maitasuna da. Inork behartu ez bagaitu ere, ez dugu aukeratu aberria salbatzea; egoerak horrela eskatuta, besteak beste, lokatz honetatik guztion burua ateratzeko ekarpentxoa egitea erabaki dugu. Zoritxarrez, interes handiagoek oztopo eta traba ugari jartzen diote asmo honi.

Idatzi hau idazten ari naizela ez dakit zer erabakiko duen Auzitegi Konstituzionalak, halere, jakin badakit zeinen oinordeko naizen eta zeinen oinordeko ez naizen, eta jakin badakit ere zer erakutsiko diedan neure oinordekoei. Bizitza motza bada ere, oroimena luzea da, oso luzea.

Espainiar politikari eta epaileen indar zapaltzaileei aurre egiteko bildu eta bildu gaitezen denok. Bildu gaitezen, eta sortu dezagun bakean Euskal Herri berria!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo