Herri honen normalizazio eta bake prozesuari ekiteko aukera
Euskal herritarrek baino erabaki behar ez dutena instantzia espainiarretan erabakitzeko ahalegina bertan behera geratu izana ez da oharkabean igaro; aitzitik, euskal herritar gehien-gehienen, demokrata gehien-gehienen pozaren arrazoi izan da. Azken urteetan milaka abertzalek pairatu izan duten bazterkeria politikoa zabaldu nahi izan dute, inoiz baino ageriago utziz benetan jazartzen dutena ez dela indarkeria, eta orain eta hemen estatuena dela helburu politikoei begirako indarkeria bakarra. Baina Gobernu espainolaren kontra, Estatuko Fiskaltzaren eta abokatuaren argudio alderdikarien kontra, polizien txosten manipulatuen kontra, eskuinaren eta haren hedabideen kontra, Bildu hauteskundeetan izango da.
Euskal Herrian, koalizio hori hauteskunde lehian parte hartzea eskakizun orokorra izan da arlo guztietan, eta herritarren sostengua ikusgarria. Aste honetan Euskal Herriko kaleak Bilduren aldeko jendetzaren haserrearen, lehenik, eta ondoren pozaren lekuko izan dira; izan ere, ostegun gauean Bilboko Areatzan eta Iruñeko Udal Plazan milaka eta milaka euskal herritarren haserrea ziurgabetasun eta, azkenik, poz bilakatu zen.
Auzitegi Konstituzional espainolak Bilduri argi berdea eman izanaren inguruko zurrunbiloan, ordea, ez da ahaztu edo gutxietsi behar koalizio horren izateko arrazoia. Haren helburua ez da instituzioetan ahalik presentziarik handiena lortzea bakarrik. Garrantzitsua izanik ere, instituzioetan egotea tresna bat baino ez da, euskal gizartean gero eta esparru politiko eta sozial handiagoa betetzen duen sektore baten eskaerei erantzuteko tresna, alegia: herri honek bere etorkizunaren gainean erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko eskaerari eta indarrean dagoen eredu ekonomiko harrapariari ez men egitekoari. Eskaera horien inguruko adostasuna lortzeko lan handia egin dute talde eta lagun askok, aspaldiko zatiketak gaindituz, desberdinak banatzen dituzten elementuak alboratu eta batzen dituztenak nabarmenduz.
Bazterkeria politikoa gainditu izana, azkenik, dagoeneko inork ukatzen ez duen aro berrian herri honi ukatu izan zaion normalizazio eta bake prozesuari ekiteko aukera da. Estatu espainoleko botereek, deitoragarria bada ere, saihestu nahi izan duten aukera, hain zuzen.