GARA > Idatzia > Mundua

Konstituzioan zuzenketak egin ala ez erabakiko dute gaur ekuadortarrek

Hauteslekuetan dute gaur zita Ekuadorreko herritarrek, Correa presidenteak boterera ailegatutakoan egindako promesari erantzunez, Konstituzioan hainbat puntu aldatzearekin ados ote dauden esan beharko baitute. Alta, presidentearen arrakasta neurtzeko tenorea ere bada.

p028_f01_148X108.jpg

GARA

Ataka garrantzitsu baten aurrean dira gaur ekuadortarrak; ez bakarrik, zirt edo zart, erabaki bat edo beste hartu behar dutelako, erreferendum guztietan suertatzen den bezala, ebatzitako erabakia berebizikoa izango delako herrialdearen gerorako.

Are gehiago, uneotan Ekuadorren zer-nolako abagunea bizi duten aintzat hartuta. Rafael Correa presidenteak ahalegin guztiak egin ditu, baita ekonomikoak ere, gaurko boto emateak aurrera egin dezan. Konstituzioa jarri du ezbaian, edo hobeto esan, bertan jasotzen diren zenbait puntu; egina zuen aurretik ere, hura aldatzeko promesa eginda ailegatu baitzen boterera 2007an. Ezusteko bat edo beste eragin dizkio asmo horrek, duela pare bat urte boteretik ken zezakeen estatu kolpe saiakera bati egin behar izan baitzion aurre.

Haize guztiak kontra izanda ere, Correak lortu du bere burutazio nagusia gauzatzea, hortaz, eta Ekuadorreko Konstituzioa aldatzearekin ados dauden ala ez bozkatuko dute gaur ekuadortarrek. Alabaina, askoz gehiago ere erakutsiko dute herritarrek; alegia, presidentearen arrakasta neurtzeko azterketa ere izango baita gaurkoa.

Hainbat dira Konstituzioan eraberritzea proposatzen diren auziak; zazpi, zehazki. Horien artean zeresan handiena eman dutenak, botere judizialaren erreforma zein komunikabideen jarduna kontrolatzeko ezarri nahi diren neurriak izan dira, zalantzarik gabe. Horiexek omen dira, inkesten arabera, boto asmoa ezezkoaren alde bideratzen dutenak.

Oposizioaren esanetan, agintariaren benetako nahia botere judiziala estu-estuan kontrolatzea eta prentsa kate-motzean lotzea dela; Amerika Arteko Prentsa Elkarteak, hain zuzen, galdeketa «demokraziaren aurkako kolpe handia» dela baieztatu du. Presidenteak, ostera, komunikabideen jarduna arautzeko ekinbide gisa proposatu duela ihardetsi du.

Ez dira, dena den, galdeketarako proposatu diren auzi bakarrak; tartean dira zorizko jokoak debekatzeko, bidegabeko aberastasuna erregulatzeko zein animalien aurkako tratu txarrak gauzatzen diren ikuskizunak debekatzeko neurriak ere. Orotara, Konstituzioan egin nahi diren zuzenketen eta gai orokorrak jasotzen dituzten auzien artean, hamar galderaren inguruan eman beharko dute iritzia ekuadortarrek.

Inkestek diotenez, herritarren %66,2k dute erreferendumean parte hartzeko asmoa, eta horietatik %47,1ek dute aldeko botoa emateko asmoa. Azken bi egunak jaiegun izan dira Ekuadorren Gobernuak hala izendatuta, gogoeta egunaren karietara.

zezenketen alde

Kanpainak iraun duen bitartean, zezenketen aldeko elkarretaratze eta protestak ikusi dira herrialdean zehar. Jai nazionala dela deritzate horren aldekoek, eta horregatik ezin dutela debekatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo