Baionako Plastituberen lekualdatzea bertan behera utziko dutela agindu dute
Greba bertan behera uztea deliberatu zuten ostegunean, zuzendariak Belgikara lekualdatzen ari diren lan zama Baionan geratuko dela agindu ostean. Halere, beharrezko bermea ukan arte erne dihardute.
Arantxa MANTEROLA | BAIONA
Baionako Plastitube enpresako langileak duela astebete hasitako greba eten dute, zuzendaritzak bertako lan zama ez duela Belgikara lekualdatuko agindu ostean.
1983an instalatu zen enpresako langileek berriki jakin zuten zuzendaritza enplegua erregulatzeko plan bat prestatzen ari dela eta, ondorioz, gaur egun dauden 127 lanpostuetatik 47 bat desagertuko direla.
Sindikatuek, ordea, ez dute uste neurri horiek krisialdi baten ondorio direnik. Aitzitik, plan horren atzean, egiaz, ezkutuko deslokalizazioa dagoela diote.
Izan ere, kosmetikarako edo botikagintzako plastiko malguzko ontzi eta hodixkak egiten dituen lantegiko produkzio kate garrantzitsuenak Belgikara eramaten ari dira, taldeak Chimay herrian duen beste fabrikara (Soupletube).
Horrek langileen haserrea piztu du, Baionara heltzen diren eskaera anitz, baita fabrikaziorako osagaiak (etiketak, piezak...) hara desbideratzen dituztela egiaztatu baitute. Gainera, duela bi urtez geroztik, hiru produkzio-kate geldirik daude.
Lanpostu horiek desagertuko balira, geratuko liratekeen 80 lanpostuekin ez dute uste Baionako produkzioari aurre egiteko gaitasunik izango denik. Ezintasun hori eta errentagarritasun eza aitzakiatzat hartuta, beldur dira oraingo lanpostuen murrizketak aurrerago lantegiaren itxiera ez ote lukeen ekarriko. Hori ikusita, CGT, CFDT eta FO sindikatuek grebari ekitea deliberatu zuten.
Ostegunean, Laurent Vallet zuzendariak bilera egin zuen langileen ordezkariekin eta François Beaugrand taldeko buruak ez duela lan zama gehiago Belgikara desbideratuko hitz eman ziola jakinarazi zien.
Sindikatuek, ordea, fidagaitz segitzen dute, Baionako enpresako antolakuntzan sumatzen dituzten «inkoherentziek» ez baitiete lasaitzeko betarik ematen.
Grenetengana
Hain zuzen ere, Beaugrand atzo Baionan zen Administrazio Kontseiluko bileran. Langileek «harrera» berezia egin zioten, beren egoeraren larritasuna adierazten zuten pankarta eta guzti, Biarritzeko aireportuan.
Greba eta kamioien blokeoa utzi badute ere, oraindik ere Baionako enpresan produkzioa ez da erabat eta normaltasunez martxan jarri. Zer gertatuko den jakin eta beharrezko bermea izan arte erne jarraituko dutela diote langileek.
Astelehenean hitzordua dute Jean Grenet Baionako auzapezarekin, beren egoera azaltzeko.
Mugerreko enpresa horretan ere arazo larriak dituzte. Administrazio judizialpean dago eta hiru bat eroslek enpresarekiko interesa agertu dute. Pirinio Atlantikoetan 70 lanpostu ditu.