Top 14
Dena edo ezer ez, horixe dute jokoan bi euskal taldeek
Bai zuri-gorriek bai zuri-urdinek ere jadanik maila galduta duten bi taldeen aurka jokatuko dituzte beren norgahiagokak, 16.25ean hasita.
Jon LEUNDA
Dena edo ezer ere ez, horixe dute jokoan Avironek eta Biarritzek Top 14ko azkeneko jardunaldian. Biek dituzte final-laurdenak jokatzeko aukerak, baina biek dute sailkatu gabe geratzeko aukera ere.
Azkeneko jardunaldia denez, norgehiagoka guztiak 16.25ean hasita jokatuko dira. Bi talde lapurtarrek partida nahiko erosoak dituzte, izan ere, biek azkeneko bi sailkatuen aurka jokatzen dute, eta biak, gainera, dagoeneko maila galduta dute.
Biarritzek Bourgoinen zelaian jokatuko du, eta Avironek Arroxelan, Staderen aurka. Bien aukerei begiratuta, dudarik gabe gauzak ongien dituena Biarritz da. Aurreko jardunaldian galdu ostean, zuzenean finalerdietan sartzeko aukerarik gabe geratu da, baina sailkapeneko seigarren postuan daude, beraz, final-laurdenak jokatzeko postuetan. Hori kontuan hartuta, eta sailkapeneko azkenaren aurka jokatzen duela ahaztu gabe, zaila dirudi lapurtarrak kanpoan geratzea. Gainera, bost puntu lortzeko helburuarekin doaz.
Irabazita, sailkatu egingo dira. Galtzen badute, atzetik dituen Avironek edo Montopellierrek irabazi egin beharko lukete. Kasu horretan bakarrik geratuko litzateke kanpoan.
Avironen aukerak ez dira oso samurrak, nahiz eta garaipena eta erasoko puntuaren bila doan. Aurkariak ez du ezer jokoan, eta jadanik maila galduta dute. Bost puntu lortuta ere ez dago seguru, besteen menpe baitago. Sailkatzeko irabazi egin behar du. Galtzen badu, akabo aukera guztiak. Aurretik, harrapatzeko edo pasatzeko moduan, Montpelier, Biarritz, Toulon eta Castres dauzka. Beraz, zuri-urdinek, gaur bost puntu batu behar dituzte, eta aurreko horietako bik, gutxienez galdu egin behar dute.
Beraz, gauzak nahiko zail dituela esan daiteke, ez baitaude beren esku. Hala ere, aipaturiko talde horietako batzuek elkarren aurka jokatu beharra dute, eta horrek bidea erraztu liezaioke, baina beti ere garaipena lortuta, eta ahal bada erasoko puntua ere bai.
Baja ugari
Avironek gaurko saiorako baja asko izango ditu, eta horrek ere baldintzatu dezake euskaldunen jokoa. Martin, Puricelli, Thibault Mazars, Baiocco eta Boyoud baja izango dira, eta horrenbeste jokoan duen talde batentzat baja askotxo izango dira.
Final-laurdenetan sartzeaz gain, bi euskal taldeek datorren urtean Heineken Kopan parte hartzeko aukera ere jokoan dute. Zuri-gorriak ohituta daude Europako lehiaketarik handienean parte hartzen, baina zuri-urdinen kasuan lehen aldia izango litzateke, eta hori lortzea ere sekulako balentria litzateke hiriburukoentzat, baina lehengo biek irabazi egin behar dute.
Lehen aldiz izan daitezke bi euskal talde final-laurdenetan, nahiz eta Avironek ez duen lan erraza. Biarritzek bide nahiko samurra daukala dirudi, baina baionarrek irabazi egin behar dute, eta gero beste emaitzen zain geratu.
Bai Biarritzek bai Avironek European Challengen aritzeko txartela behinik behin seguru dute, baina biek Heineken Kopan aritu nahi dute. Bigarren faserako bezalaxe, zuri-gorriek aukera gehiago dituzte.