Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Facebook(en) biluzik
Aitortzen dut: ez, ez naiz sare sozialen zalea. Behin baino gehiagotan eskatu didate nire Facebook orria eguneratzeko, alferrik, ordea. Ez dut nire bizitza pribatua zein ekintzak lau haizetara zabaltzeko gogorik, ezta beharrik ere. Gogo eta behar hori dutenei buruz, zer esan dezaket? Beren egoera kezkagarria (eta askotan penagarria ere) iruditzen zaidala.
Are gehiago, uste dut sare sozialetan gertatzen ari den «stripteasmoa» hainbat teorialari postmodernok bere garaian iragarritakoa baieztatzera datorrela. Bestetik, «stripteasmoa»k sare sozialek kontrainformaziorako espazio izateko duten eta izan dezaketen potentziala itzaltzen dute.
Horregatik, aste honetan Facebookekiko nuen joera intsumisoarekin hautsi eta sarearekin konpartitu nahi nituen kezka eta, hein handi batean, frustazioei buruz (Osama bin Ladenen erailketak AEBetako justizia eta demokrazia ereduari buruz adierazten duena, inperialismo eta pentsamendu bakarraren arriskuak, «The Guardian»en argitaraturiko pare bat iritzi artikuluren edukia: batak Bin Laden AEBetako segurtasun indarrek irailaren 11z geroztik agerturiko jarrera ankerraren erantzule egiten zuen; besteak AEBek etsaiak sortzeko duten beharraz ari zen) idatzi eta idatzi aritu naiz.
Nire harridurarako, lagun bakarrak heldu zion gaiari, LAGUN BAKARRAK! Baina zera da okerrena, gu eztabaida bizian ari ginela, beste lagun batek udako oporrak non igaroko dituen jakin ez eta, arren, proposamenak bidaltzeko eskatu zuela. «Disneyland» erantzuteko gogoa sartu zitzaidan. Baina zera pentsatu nuen jarraian, «ez ote gara Disneylanden bizi jadanik?».