GARA > Idatzia > Kultura

«Disziplina ezberdinen hartu-eman koherente batetik etorri behar du irtenbideak»

p054_f01_148x108.jpg

Aitor Aurrekoetxea

EHU-KO Filosofia Irakaslea eta Arte kritikaria

Portugaleten jaio zen 1968an eta EHUko irakaslea da Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. «Estetika modernoaren inguruan hainbat hausnarketa euskaraz» (Hiria) liburua argitaratu du eta EHUko sei irakaslek Urdaibaiko etorkizunari buruz, naturaz, eremu publikoaz eta pentsamenduaz eztabaidatzeko sortu berri duten Kritikarea taldeko kidea da.

Ane ARRUTI | BILBO

Zer da estetika?

Filosofiaren atal bat da eta artearen filosofiaz arduratzen da: edertasuna zer den, sublimea zer den, zer esperientzia estetikoa, zer sentitzen dugun artelan bat ikusten dugunean... Diziplina gisa XVIII. mendean hasi zen, baina antzinako greziarrak ere arduratu ziren horretaz.

Gaur egun, perbertitu egin da estetikaren benetako esanahia?

Ez da nahastu behar estetika eta kosmetika. Anglosaxoiek oso argi dute kosmetika gauza bat dela, hau da, itxura fisikoari lotutako zainketa, eta gure artean hori nahastuta agertzen da.

Aurretik ez zegoen estetikari buruzko euskarazko libururik?

Estreinako aldia da estetikari buruz euskaraz idazten dela. Asko kostata, euskara tokia hartzen ari da diziplina guztietan eta euskaldunok bagenekien kontu bat demostratzen ari gara: euskaraz ekoizpena beste hizkuntzetan bezala izan daitekeela. Esan beharra daukat EHUn ekoizpen maila hori badagoela.

Estetika modernoan jarri duzu arreta nagusia.

Gailur moduan, modernitatea hasteko, Kant aipatuko nuke. Berak emandako definizioa uste dut oraindik gaindiezina dela, nahiz eta bere sistemako hainbat elementu jauzi. Bere esanetan, fakultateen arteko jolas librea da estetika. Irudimena, adimena eta sentsibilitatea dira hiru elementu horiek eta, martxan jartzen ditugunean aktibatzen da estetika. Guztiok daukagu, gero garatu ala ez.

Nortzuk izan dira estetika gehien jorratu dutenak?

Liburuan erromantiko batzuk aipatu ditut, F. Schiller eta Holderlin, Nietzche ere bai. Literaturgintzan V. Hugo eta Baudelaire... Sormenerako iturri amaiezina izan da. Marx-ek ere ukitu zituen atal batzuk, Arthur Dantok, baina, batez ere, Valter Benjamin eta Adorno izan ziren, nire ustez, XX. mendean inportanteenak.

Gaur egun, artearen helburu estetikoa bigarren mailan gelditu da, ia dena bezala, negozio bilakatu da.

Arteak konfiguratu egiten gaitu pertsona bezala, ikuspuntu ezberdin bat ematen digu. Gaur egun, badirudi inork ez duela arteaz ulertzen, baina, aldi berean, mistizismoz inguratuta dago, prestigioa ematen du. Gure gizarte posmoderno honetan arteak bere tokia topatu du, ez nik nahi nukeen tokia. Naturarekin beste hartu-eman bat izateko balio dezake adibidez eta hor dago bigarren Guggenheim-en eztabaida. Garrantzitsuena da jakitea zelako interbentzio artistikoa nahi dugun. Agian esku hartzea ezer ez egitea izan liteke, edota zerbait iragankorra egitea. Gauza hauek ez dira kontuan izaten eta hori da ni kezkatu eta amorratu egiten nauena.

Nola bideratu berriro artea behar duen lekura?

Konplikatua da. Askotan hitz egiten dugu interdiziplinaz. Badakit hitz oso zatarra dela, diziplina ezberdinen arteko hartu-eman koherente bat, baina uste dut hortik etorri behar dela irtenbidea. Artea gurekin gelditzeko etorri da betiko. Eztabaida politikatik atera beharko litzateke. Artearen abenturak merezi du, baina zaila da horri koherenteki irtenbide bat ematea.

Kritikarea sortu berri duzue, Urdaibairen etorkizunaz hausnartzeko. Adituen iritzia kontuan ez hartzea salatu zenuten.

Hori da gehienetan gertatzen dena, adituen iritzia ez zaiola inori axola. Horrela ateratzen dira gauzak. Lan franko dago egiteko eta oraindik ez dugu diagnostikatu behar den moduan. Dena den, Urdaibairen inguruan iritzi ezberdinak daude, eta ematen du kontu politikoa dela. Bada, baina zentzu grekoan, gauza publikoa bezala. Gure herrian ordea, dena nahasten da.

Zer gertatuko da azkenean?

Bilboko jardunaldietan, John Thackarak -sorkuntza eta diseinu jasangarrian aditua- erdi brometan, erdi serio, proposatu zuen Lemoizko instalazio galdu horietan zerbait egitea. Brometan esan zuen, baina eztabaidak bai egon behar direla orokorragoak. Baditugu gauza eginak eta erabiltzen ez ditugunak. Jasangarritasuna kontu hauetatik hasi beharra dago.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo