Albaola Bretainiako topaketara doa itsasoz Euskal kultura hedatzera
Maiatzaren 30etik ekainaren 6ra Bretainian eginen den ontzi tradizionalen topaketan, «La Semaine du Golfe Mor Bihan» izenekoan, euskaldunak izanen dira gonbidatu nagusiak eta 250 lagunetik goiti joanen dira bertako kultura erakustera: 180 marinel, musikariak, dantzariak, jatetxe bat, baita Albaolaren lanari bultzada eman dioten hainbat erakunde babesle ere. Aurkezpena egin zuten atzo.
Maider IANTZI
Etengabe nabigatzen dabil Albaola elkartea, iraganetik etorkizunerantz, itsas kultura eta ondarea zaintzen eta lantzen. Mor Bihan izanen du hurrengo portua, Bretainia hegoaldean, Europan egiten den ontzi tradizionalen topaketarik handienetakoan. Bi urtetik behin egiten da ekimen hau, eta aitzineko edizioan ere parte hartu zuen. Aurtengoa desberdina izanen da, ordea: Euskal Herriko itsas kultura hartu dute ardatz topaketan, eta Albaola ari da hemendik joanen den ordezkaritza zabala koordinatzen. Xabier Agote elkarteko lehendakariak jakinarazi zuenez, 23 ontzi abiatuko dira Bretainiara; 180 marinel, neska-mutilak eta adin guztietakoak, tartean Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleak, Ondartxon nabigazio teknikak ikasten aritu direnak, eta ontziak lixatzen eta margotzen. Hagitz garrantzitsua deritzote ikasleen inplikazioari, eurak baitira egitasmo honen etorkizuna.
Albaolako ontziekin batera, Lekeitioko Euskal Bateleroenak, Getxoko Itxas Egurra Haizean taldekoak, Lapurdikoak eta Bilboko Nautikakoak ibiliko dira Mor Bihango itsasoan. Gainera, bi erakusketa prestatzen ari dira euskaldunen historia ezagutarazteko, eta animaziorik ere ez da faltako. Behobiako Kuxkuxtu taldeak jarriko du musika, eta Pasai Donibaneko Bixi-bixik joaldunak, trikitilariak eta dantzariak eramanen ditu denak saltoka jartzeko. Sabelak pozteko, Bilboko Cafe Iruñak bakailaoa, txakolina, gazta eta hemengo bertze makina bat kalitatezko produktu prestatuko ditu.
Erakunde babesleekin bilera
Ondartxoko itsasontzien artean, langileak konponketa lanetan ari ziren bitartean, prentsaurreko eta aperitibo txiki bat egin zuten Albaolakoek babesa eman dieten erakundeetako ordezkariekin. Han ziren Ana Izagirre, Basquetour-eko zuzendaria; Ernesto Murgiondo Gipuzkoako Aldundiko Turismo zuzendaria; Pilar Azurmendi Kultura zuzendaria; Maider Ziganda Pasaiako alkatea; eta Ander Pozas Oarsoaldeko lehendakaria.
Xabier Agote hagitz kontent zegoen, erakunde publikoen babesa lortzea zutelako erronka eta atzoko bilera nahi hori bete izanaren froga zelako. Turismo zuzendaria, adibidez, lehenbiziko aldiz izan zen Ondartxon, Agotek erran bezala, itsas kultura berreskuratzeak sekulako potentziala duelako turismoa eta kultura uztartzeko.
Pasaiako alkateak nabarmendu zuenez, herri honek Bretainiarekin harreman berezia du eta han egindako lanaren ondorio da Albaola euskal ordezkaritza antolatzen aritzea. «Bretainia itsas tradizioaren aitzindari izanik, oso garrantzitsua da Euskal Herria eta Pasaia hor egotea eta aukera hau aprobetxatu nahi dut Albaolari eta lanean ari zareten guztioi eskertzeko», adierazi zuen.
Oarsoaldeko lehendakariaren iritziz, Pasaia eta itsasoa sinonimoak dira, herri hau beti ari da itsasoari begira eta itsasoa da nortasuna eta harrotasuna ematen diona. Ez Pasaian soilik, Euskal Herri osoan izan da eta da garrantzitsua itsasoa. Arazo bat dago: «Euskaldunek gauza handiak egiten jakin dute, baina ez dira onak izan kontatzen. Hala ere, normalean, herritarrak erakundeen aurretik joaten dira. Testuinguru honetan sortu zen Albaola, hutsune oso garrantzitsu bat betetzeko, eta gogotsu ari da lanean, lehenbizi ontziola txikian eta gero Ondartxon». Baieztatu zuenez, itsas ondarea mundura zabaltzea hagitz garrantzitsua da, eta horretarako beharrezkoa da ondare hori maitatzea eta zaintzea.
Kultura zuzendariak aipatu zuen itsasotik bizi zen jendea zegoenean kultura hau bizirik zegoela, baina orain bukatzen ari dela. «Baina ondarea badugu eta gure lana da zaindu eta erakustea. Horrelako ekimenik gabe, hurrengo belaunaldiek ez dute ezagutuko», ohartarazi zuen. Hemendik aurrera proiekzio askoz zabalagoa izanen duela pentsatzen du.
Albaola hori lortzen ari da, Pasaiako portutik mugarik gabeko itsasoan gero eta gehiago hedatuz eta Euskal Herriko itsas kultura eramanez beti ontzietan; ikerkuntzan, nabigazioan, ontzigintzan zein gizartegintzan, altxor baliotsu hau ongi gordez eta jendeari oparituz.