GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

«Atzokoa inoiz eman behar ez genukeen pausoa izan zen»

p002_f06.jpg

Pello Urizar

Eusko Alkartasuneko idazkari nagusia

Lehendik ere lanean erritmo bizian bazebilen ere, Auzitegi Konstituzionalak Bilduren gaineko erabakia eman duenetik eta kanpaina hasiera dela-eta arnasa hartzeko denborarik gabe dabil Pello Urizar (Arrasate, 1968), Bilduko gainerako kideen pare.

Nola bizi izan zenituen ostegunean epaitegietako albistearen zain igarotako orduak eta berria jakin ondorengoak?

Denetarik egon zen. Goizean goizetik, orduak pasa ahala, urduritasuna areagotzen zihoan, luzea izan zen eguna. Pertzepzio ezberdinak jasotzen genituen eta zurrumurruak ere bai. Hala ere, aurreko ebazpena eman zutenean ikasi genuen, zurrumurruetatik aldentzen eta azken momentura arte itxaroten.

Bilbon eta Iruñean jende ugari bildu zen, jaso zenuten babes hori?

Oso positiboa izan zen gertaturikoa. Nik Bilbon gertaturikoa bizi ahal izan nuen, Iruñekoa ez, baina hango jendea ere gustura geratu zen bizitakoarekin. Bi egun lehenago deituriko manifestazioa izanda eta ostegun buruzurian, jende asko inguratu zen. Horrek babesa ematen du eta orduak pasatzeko beste modu bat izan zen. Jai giroa zegoen iluntzean eta amaieran urduritasuna, filtrazioak, jakinarazpen ofizialaren zain egon beharra... Polita izan zen.

Ostegun goizean, gainera, ETAren eta EAren artean egin omen zen bilera bateko akta bati buruzko berria zabaldu zen.

Benetan zerrikeria bat izan zen hori. Pixka bat hausnartuta, ohartu nintzen zein punturaino joan ziren min egitera. Ni ez naiz legegintzan aditua, baina, ulertu dudanez, dokumentazio horrek ez zuen Konstituzionalean erabakia aldatzeko aukerarik, horrelakoak aurkezteko Gorenera jo beharko lukete. 2009an, ni EAn idazkari nagusi lanetan hasi berria nintzela, atera zen horrelako zerbait hedabideetan, baina, gero erabat isildu zen. Gordeta egon da, azken unean ateratzeko. Guardia Zibilak ohituta gauzka horrelakoetara, baina, berria jakin genueneko momentua nahiko gogorra izan zen.

Konstituzionalaren erabakiarekin Bilduz gain, gizartea ere irabazle irten al da?

Nik uste dut denok irabazi dugula. Egoerari buelta ematen badiogu, erabakia alderantzizkoa izan balitz, soilik Bilduk galduko ote zuen? Nik uste dut gizartean geldituko zen kutsua oso negatiboa izango zela. Ziklo berri batean sartu gara, hausnarketa egin eta aldaketak planteatu dira, eta, hala ere, ez balute onartuko politikan lan egitea, atera litekeen mezua bakarra da: modu batean eginda ez, eta bestean eginda ere ez. Hori negatiboa litzateke gizartearentzat. Buelta emanez, orokorrean positiboa da erabakia. PP eta horiek badakigu zein mezu politiko ematen duten, baina, gizartearentzat ona da.

Erabakia kontrakoa izan balitz, zein izango litzateke gaurko eta hauteskunde kanpainako egoera?

Dudarik gabe, kanpaina egingo genukeen, bozkatzerik ez izan arren salaketa kanpaina egingo genukeen; interes partidistengatik herri batek eskatzen duen egoera normalizatu bat trabatzen dela salatuz. Azken bake prozesua izan daitekeen hau hankaz gora jartzeko arriskua zegoen, baina, guk gure konpromisoa apurtezina zela aldarrikatuko genukeen. Guk aurrera egingo genukeen gizartearen babes osoarekin.

Egun hauetan gainontzeko alderdiek hartu duten jarrerak, EAJ, PP edo PSErena kasu, eraginik izan al du erabakian?

Justizia politizatua dago. Euskal Herrian argi daukagu zer nolakoa den botere banaketa. Epaileak aukeratzen diren unetik, nahi ala ez alderdi politiko ezberdinen eragina ere sumatzen da. Adierazgarria da PSEk bere mezua nola aldatu duen, Patxi Lopez lehendakariak ere mezua aldatu zuen. EAJren kasuan aurrez hausnarketa egina zuten, bazekiten epaia bestelakoa balitz, abertzaletasunarentzat txarra izango litzatekeela.

Behin maiatzaren 22ko hauteskundeetan izango zaretela jakinda, nolako emaitzak aurreikusten dituzue?

Oso onak! Gure kalkuluen arabera, emaitzak onak izango direla badakigu. Uste dugu euskal gizartearen zati handi bat horrelako proiektu berezi baten zain zegoela eta, beraz, hauxe izango da aldaketarako unea. Desberdinen artean batzeko ahalegina egiteak norberaren perfilaren zati bat alboan utzi eta besteen zati bat hartzea esan nahi du. Behin ahalegin hori eginda, jendeak kalean apustua hori dela adierazi digu.

Instituzioetan, baina, Bilduk zenbaterainoko presentzia izango duen kalkulurik baduzue?

Aukera asko daude. Kalkuluen arabera, Gipuzkoan, esaterako, aurreneko indarra izateko aukera dago. Guk dakigunez, beste batzuek egindako kalkuluetan ere horrela agertzen da. Beste herrialdeetan ere pisu garrantzitsua izango dugu. Edonola ere, 23tik aurrera ikusiko du instituzioen mapa berria. Benetan gure helburua da Euskal Herria sozialismoa eta independentziaren bidean jartzea. Horretarako, argi daukagu konfrontazioa izango dela Gobernu espainolarekin. Atzokoa pauso bat izan zen, eman behar ez genukeena, baina oraindik gehiago behar ditugu. Janire ARRONDO

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo