GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ramirez anaiak eta Endika Perez espetxeratu ditu Grande-Marlaska epaileak

Izpurako itxialdia egin zuen gazte independentista taldeko azken hiru kideak espetxeratu dituzte. Atzo Auzitegi Nazionalera eraman zituzten, herenegun Estatu frantsesak haien aurkako euroaginduak onartu ostean.

GARA | DONOSTIA

Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande-Marlaska epaileak espetxeratu egin zituen atzo Xalbador eta Jazint Ramirez anaiak eta Endika Perez gazte independentistak. Hiru gazteak dira Izpuran itxialdia egin ostean atxilotu zituzten zortzi gazteetatik Estatu frantsesak Madrilera entregatu zituen azkenak. Hirurek, uko egin zioten epailearen aurrean deklaratzeari.

Ramirez donostiarrak eta Perez barakaldarra iragandako martxoaren 2an atxilotu zituzten, salatu zutenez, «oso modu bortitzean». Basusarrin atzeman zituzten lehenak eta Arrangoitzen bigarrena, urriaren 22an Euskal Herrian Segi-ren aurka egin zen sarekadatik ihes egin ostean. Atxilotuak izan eta gero, Muret-Seysse espetxera eraman zituzten.

Grande-Marlaskaren esanetan, Xalbador Ramirez donostiarra «Segiko buru nagusia da Donostian», eta bere anaia Jazint berriz, taldeko «dinamizatzaile garrantzitsuenetako bat» da. Iturri juridikoen arabera, ETAko kide izatea leporatu diete Ramirez anaiei, baita Endika Perezi ere.

Itxialditik espetxera

Perezen eta Ramirez anaien atxiloketekin, Madrilek kartzelatu ditu otsailaren 21ean Izpuran itxialdia egin zuten zortzi gazteak. Orduan, komunikabideen aurrean eta lagun, senide eta talde politiko nahiz sindikalen babesarekin, euren kezka azaldu zuten, azken urteetan gertatu den bezala, euroaginduak direla medio, Madrilen eskuetan erortzeko arriskua zutelako.

Dagoeneko, Estatu frantsesak euroagindu guztiak onartu ditu eta ekintza hartan parte hartu zuten zortzi gazte independentistak kartzelatu dituzte.

Itxialdia hasi eta astebetera, bukatutzat eman zutenean, atxilotu zituzten Baionan Aiala Zaldibar eta Bergoi Madernaz del Pozo gasteiztarrak. Beñat Lizeaga zumaiarra eta Aitziber Plazaola bergararra ere egun berean atxilotu zituen polizia frantsesak, hauek biak Donibane Garazin.

Martxoaren 30ean Irati Tobar gaztea atxilotu zuten Donibane Lohizunen. Portugaletekoa izan zen, hain zuzen, itxialdiko taldetik poliziak atxilotu zuen azken kidea.

Azken atxilotuei eta bereziki Ramirez anaiei euren babesa erakusteko elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean Donostian, Kursaal jauregiaren aurrean. Amaitutakoan, pankarta Groseko auzoan jartzera joan zirenean, Ertzaintzak lau pertsona identifikarazi zituen «jarrera probokatzailearekin», egunkari honi salatu diotenez. Besteak beste, oinetakoak kenarazi zizkieten eta sakelakoak ere miatu zizkieten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo