GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Iratxe Esnaola Arribillaga Informatika ingenieria

Nork idatziko du 100.000. artikulua?

Izenburuko kopururaino iristear dago Euskarazko Wikipedia. Muga hori aitzakia, entziklopedia horren gaineko hausnarketa azaldu du Iratxe Esnaolak artikulu honetan. Wikipedia auzolanaren fruitu dela gogorarazten du lehenik, eta haren ustez auzolanean diharduen komunitatea da entziklopediaren «altxorrik preziatuena». Hale ere, artikulu kopurua emendatzea eta Wikipedia edonork, nahi duenak elika dezakeela ez jakitea fenomeno zuzenki proportzionalak izan daitezkeela ohartarazten du, eta, hortaz, erronka nagusia altxor horren berri ematea litzatekeela. Balantzea, nolanahi ere, oso positiboa da kuantitatiboki eta kualitatiboki, eta sarean «euskara handi bilakatzen» jarraitzen du.

Euskarazko Wikipedia 100.000. artikuluaren hitzak laztantzear dago. Norbaitek idatziko du artikulu hori ere. Eta norbait hori edonor izan daiteke: Wikipediako kiderik aktiboena edo lehen aldiz sarrera bat sortzera animatu den erabiltzailea; bilaketak zuzenean Wikipedian egiten dituena edo bilatzaile bati esker bertara iristen dena. Norbait edota edonor, baina ez edozein: Wikipedia edonork elika dezakeela dakien norbait izango da, hori ziur.

Komunitatearen auzolana da Wikipedia gainontzeko entziklopedietatik gehien bereizten duen ezaugarria. Euskarazko Wikipedia ere auzolanaren oinarrietan jaio zen eta komunitateari esker egiten du aurrera. Wikipedia, komunitaterik gabe, ez zen Wikipedia izango. Entziklopedia bat beharbada bai, baina Wikipedia ez. Komunitatea da, hortaz, eta zalantzarik gabe, Wikipediaren altxorrik preziatuena. Komunitatea da bere aktibo nagusia: proiektuaren abiapuntua eta helburua garatzeko bitartekoa.

Baina, nago, aktibo hori dela, hain zuzen, Wikipediaren erabiltzaile berriek, batez ere, gutxien ezagutzen duten ezaugarria. Eta, hortaz, Wikipedia, hizkuntza ezberdinetan sarean eskuragarri dagoen entziklopedia bat dela askorentzat, inoiz elikatzeko ahaleginik egin gabe. Are, elikatu daitekeenik ere jakin gabe. Eta horrek, kaltetu egiten al du Wikipedia proiektu gisa? Zein eragin du bere oinarrietan? Berdin da Wikipedia gutxi batzuek soilik elikatzea, gero eta artikulu gehiago dituen bitartean? Edo, era berean, beharrezkoa al da Wikipediaren ezaugarri bereizgarria den komunitatea eta bere auzolana konstanteki ezagutzera ematea? Zertan neurtzen da Wikipedia: artikulu kopuruan edota komunitatearen tamaina edota aktibotasunean? Edo bereizezinak dira biak?

Wikipediara heltzeko modu ezberdinak daude. Zuzenena, noski, Wikipedian bertan sartzea edo nabigatzaileko bilaketa Wikipediara bideratzea da. Alegia, modu kontziente batean Wikipedia bisitatzea. Esango nuke, halere, ohikoena Google edo gisako bilatzaile baten bitartez iristea dela. Kontzeptu orokorrak dira bilatzaileetan gehien idazten diren hitzak: «Zarautz», «Mao Tse-tung» edo «orkidea», esaterako. Eta kontzeptu orokorrak dira, noski, entziklopedia baten bilduma osatzen duten sarrerak. Baina, Wikipedia auzolanean oinarritzen denez eta sarrerak komunitatearen esku daudenez, besteak beste, Euskal Herriko historiaren, pertsonaia esanguratsuen edota gizarte mugimenduen inguruko informazioa ere eskuragarri dago, beste entziklopedia tradizionaletan ez bezala. Zentzu horretan, kontzeptu orokor bat bilatzen dugun bakoitzean, bilatzaileak, ia beti, Wikipediako sarrera bat erakusten digu emaitzen lehen postuetan (betiere, hizkuntzaren eta kontzeptuaren beraren arabera). Eta horregatik saiatu zen Google Wikipedia nolabait bereganatzen. Eta ezezkoaren aurrean, bere proiektu paraleloa sortzen: Knol (knol.google.com).

Eta Wikipediara «nahigabe» iriste hori da, ziur aski, Wikipediak oinarrian duen komunitatearen gaineko ezjakintasunaren arrazoi nagusia. Erabiltzaile berriek, gaztetxoenek, batez ere, Wikipedia ezagutzen dute. Badakite existitzen dela. Erabiltzen dute, informazio-iturri gisa. Gainera, erabiltzaile berri hauek iritsi direnerako, Euskarazko Wikipedia gorpuztuta dago. Ia 100.000 artikulu ditu; beraz, bilatzen dutena Wikipedian aurkitzeko probabilitatea gora eta gora doa, Wikipediaren beraren bilakaerarekin batera. Hau da, Wikipediaren artikulu kopurua handitzea eta Wikipedia edonork elika dezakeela ez jakitea zuzenki proportzionalak diren bi fenomeno izan daitezkeela, betiere, Wikipediaren aktibo nagusia den komunitatearen garrantzia eta ezinbestekotasuna etengabe erakusten ez badira. Hori da nire ustez, eta denbora aurrera doan heinean, Wikipediaren barruan hazten ari den erronka nagusia: erabiltzaile berriek Wikipedia benetan zer den jakitea.

Euskarazko Wikipedia 2003ko azaroaren 7an jarri zen abian. Euskarazko Wikipediaren beraren arabera, 2010eko abenduan 22.768 argitarazle zituen erregistratuak eta horietatik 273 ziren argitarazle aktibo (erregistratu gabe aritzen diren kideak ere badaude, baina horien kopurua zehaztea ezinezkoa da). Era berean, hamaika administratzaile ditu eta Euskarazko Wikipediaren komunitateko kideek sortu, aldatu edota hobetutako artikuluak gainbegiratu eta zuzentzen dituzte.

Horiek horrela, 2010eko abenduan, Euskarazko Wikipediak ia 62.000 sarrera zituen, eta laster, 2011ko maiatza bukatu baino lehen, ziur aski, 100.000 artikuluren muga gaindituko du. Are gehiago, hiztun eta artikulu kopurua hartu eta beste hizkuntzekin alderatzen badugu, portzentaje erlatiboetan, artikulu bakoitzeko dagoen hiztun kopurua beste hizkuntza asko eta askoren gainetik dago (2010eko apirilaren 1eko datuak): euskarak 19,3 hiztun ditu artikuluko; katalanak 31,9; galizierak 55,9; frantsesak 184,7; ingelesak 182,5; eta gaztelaniak 791,1. Beraz, esan gabe doa, Euskarazko Wikipediaren komunitatea euskarazko entziklopedia librearekin eta, oro har, euskarazko edukiak sortzeko helburuarekin oso konprometituta dago.

Ukaezina da: Euskarazko Wikipedia kuantitatiboki eta kualitatiboki osasuntsu dago. Kuantitatiboki, ia 800.000 hiztun dituen eremu urriko hizkuntza baten hiztun komunitateak 100.000 artikuluko Wikipedia osatu duelako. Eta egia da: kuantitatiboki ezin gara beste hizkuntzekin lehian sartu. Alferrikakoa da eta ez du zentzurik: euskarak bere neurriko Wikipedia izan behar du. Baina datozen hilabete eta urteetan arlo kualitatiboari heltzea garrantzitsua iruditzen zait. Wikipedia ez da entziklopedia soil bat. Wikipediak wiki teknologia du oinarrian. Internet eta auzolana: komunitatea. Wikipedia erabiltzen duenak hori jakitea gutxienekotzat ulertu beharko genuke. Eta behin hori jakinda, hurrengo urratsa: komunitatea indartzea, erabiltzaile zaharrek baina, batez ere, berriek, kontsultarako soilik erabil ez dezaten.

Normala den moduan, Euskarazko Wikipediaren erronkak ere aldatzen doaz, denborak aurrera eta artikulu kopuruak gora egiten duten heinean. Baina bada hasieratik aldatu ez den zerbait: Euskarazko Wikipediak euskara sarean handi bilakatzen jarraitzen du. Beraz, hizki larriz: Zorionak Euskarazko Wikipediaren komunitateari!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo