GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

DSK aferaren zipriztinak

Gero eta paper morroiagoa dagokie erakunde horiei mundu mailako diru kontuetan. Txikienen «bihurrikeriak» jipoitzea beste eginkizunik ez dute. Erabaki serioagoak hartzeko beste esparru batzuk sortu dira

Mingotsa bada ere, badu bere grazia egitateak: azken 75 urte hauetan pairatu den krisi ekonomikorik latzena, zabalena eta sakonenaren leherketan erantzukizun nagusia -horrelakorik gerta ez zedin sortu zirelako eta beste eginkizun zehatzik ez dutelako, funtsean- zuten bi erakundeen, Nazioarteko Diru Funtsa eta Munduko Bankuaren gailurrean izan diren aldaketa guztiak ez dira jazo krisi hori aurreikusi, saihestu edota konpontzeko erakutsi duten inkonpetentzia nabarmenagatik, edo gogorik ezagatik... baizik beren sexu jardueragatik.

Aski ezberdinak dira kasuak, noski; baina badute kidetasunik ere (minduta, WSJ egunkariak herenegun gogorarazten zigun bezala). Izan ere, kuttuna zuten eta, beste gauza askoren ondoren, 2005-2007 bitartean Munduko Bankuaren lehendakaria izan zen Paul Wolfowitzena izan baitzen lehen afera: bere menpeko batekin zuen sexu (eta ordaintza) harremanarengatik utzi behar izan zuen kargua duela lau urte... krisia lehertzen hasi zenean, hain zuzen.

Lau hilabete geroago, 2004az geroztik NDFren buru zen Rodrigo Ratok utzi zuen bere postua; hamaika hizpide sutu zen hartarako aipatu zituen «zio pertsonalen» inguruan, baina funtsean harreman berriren batek bultzaturiko dibortzio gorabeheratsu bat izan zela diote «adituek». Eta orain, haren oinordekoa zen DSKren kasu gordinak egin du eztanda, zornez betetako zaldarra bailitzan. Hurrengoa zein eta nolakoa izango den apustuak egiten hasteko gogoa ematen du. Krisia noiz amai daitekeen asmatzea baino entretenigarriagoa da, eta errazagoa, ziurrenik.

Bata -mundo mailako finantzen egonkortasun eta garbitasuna zaintzea; ahuntzaren gauerdiko eztula, alegia- eta bestea -sexuketarako erakutsi duten pultsio nabaria- elkarturik daudela esatea gehiegizkoa da, noski. Baina begien bistakoa da, halaber, oraintxe bertan NDFren barruan gertatzen ari dena: DSKren idiskokeriak lor dezakeela orain arte zuhurtziak, gizalegeak edota eraginkortasun hutsak erdietsi ezin izan dutena. Hau da, mundu mailako finantzen nondik norakoan hain erabakigarriak diren erakundeen burutza ere idatzi gabeko arauen arabera banatzea, diskrezionaltasun osoz. Munduko Bankuaren lehendakaritza Ameriketako Estatu Batuentzat, eta NDFrena europarrentzat, txandaka.

1944an Bretton Woodsen elkartu zirenentzat, erdibanaketa horrek eduki zezakeen zentzu apur bat; hirurogeita piko urte geroagoko munduko finantzen eta ekonomien arabera, ez noski. Eta horregatik, seguruenik, gero eta paper morroiagoa dagokie erakunde horiei mundu mailako diru kontuetan. Txikienen «bihurrikeriak» jipoitzea beste eginkizunik ez dute, eta katixima neoliberal zaharkituan aurkitzen dituzten zigorrak behin eta berriro ezartzera mugatzen dira. Erabaki serioagoak hartzeko, beste esparru batzuk sortu dira: G-20, G-8... Edo, gero eta nabarmenago, G-2a: zorduna (AEBak) eta hartzekoduna (Txina).

Sexuketarako duten irrika eutsiezin hori ulertzen hasi naizela esango nuke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo