Marian Beitilarrangoitia, Xabier Mikel Errekondo, Aitor Etxeberria, Pedro Iturbe Hernani, Usurbil, Oiartzun eta Antzuolako alkateak, hurrenez hurren
Etxeko lanak eginda
Denak balio izan du: gezurrak, faltsukeriak, irainak... Baina alferrik, erakunde nagusien eta hedabide indartsuen gainetik herritarren borondatea gailendu da
Lau urte joan dira, baina ez alferrik. Herritarren konfiantza jasota, udaletxeetara iritsi ginenean mila ideia, mila proiektu genuen. Handiak eta txikiak. Batzuk errazak, beste batzuk korapilatsuagoak. Denak garrantzitsuak. Ilusioa borborka, eta galtzak bete lan.
Eta gure ezjakintasunean hiri hondakinen arazoarekin egin genuen topo. Duela lau urte, gaur egun bezalatsu, inork ez zuen nahi etxe atarian errauste plantarik, baina gure osasunerako eta ingurumenerako arrisku hori gabe ere, hondakinak, hau da, ondo asko aprobetxa daitezkeen lehengaiak, mendi zulo batera botatzea irtenbide kutsakorra izateaz gain, zabortegien ondorioak pairatzen zituztenenganako elkartasun falta zela iruditzen zitzaigun. Beraz, irtenbidea topatu beharra zegoen.
Beste aldera begira genezakeen, erosotasunean babestu, baina ez gara horrelakoak. Erantzukizunari ez diogu beldur. Erronkari heldu eta handik eta hemendik arakatuz gutako ia inork gutxik ezagutzen zuen gaikako bilketa sistema topatuko genuen Katalunian, atez ateko bilketa. Hondakinen arazoari errotik heltzen ziona -bilketari alegia-, Euskal Herrian ezagutzen ez diren emaitzak lortzen zituena eta herritarren parte hartze aktiboa eskatzen zuena.
Herritarrek hauteskunde egunean gugan jarritako konfiantza bera jarri genuen guk herritarrengan. Usurbilen, Hernanin, Oiartzunen eta Antzuolan, gure herrietan, gure bizilagunekin, beste inor zirikatu gabe, bilketa sistema hori praktikan bideragarria zela erakutsi nahi izan genuen. Eta hala izan da. Herritarrengan jarritako konfiantzak ez du hutsik egin. Duela lau urteko %25-30eko birziklatze mailak %90 inguru dabiltza gaur egun.
Gure herrietan, bizilagunekin batera, erakutsi dugu hondakinen arazoak konponbide erraza duela, erosoa eta teknikoki eta ekonomikoki bideragarria dena. Hondakinak ezin direlako mendi zulora bota, ezin direlako gure diruak hain arin erraustu. Inork ezin duelako gure seme-alaben osasuna arriskuan jarri, inork ezin duelako interes ekonomiko ezkutuengatik gure ingurumena betiko hondatu. Herritarrek mehatxurik gabe bizi behar dutelako. Erakutsi dugu Gipuzkoako edozein herrik, herri guztiek, gaikako bilketa sendo bati heltzen badiote, arazo serio bat konpondua dutela.
Irauli egin dugu hondakinen mundua. Lau urteotan gai honekiko sentsibilizazioak gora egin du ikusgarri. Bai, iraultza txikia izan da egindakoa. Txikia bezain garrantzitsua, hondakinen arazo ustez konponezinari irtenbide garbi eta merkea eman diogulako.
Gure kontra handiak izan dira botatakoak, erakundeetan eta hedabide batzuetan. Alderdi politiko batzuek, guda santua zabaldu dute gure kontra, denak balio izan du: gezurrak, faltsukeriak, irainak... Baina alferrik, erakunde nagusien eta hedabide indartsuen gainetik herritarren borondatea gailendu da. Gipuzkoarrok gauzak ongi egin nahi ditugu, gure esku dauden irtenbideak topatzea gustatzen zaigu, ez dugu gogoko gure herrietan konpon dezakeguna beste inoren esku uztea. Emaitzek ez dute gezurrik esaten: %80tik dezente gorako birziklatze mailan gabiltza, Gipuzkoan ez dago beste herririk Usurbilek, Hernanik, Oiartzunek eta Antzuolak adinako familia konpostatzaileagorik izango duenik.
Pasatu dira lau urte eta gai honetan etxeko lanak eginda goazen sentsazioa dugu. Pozik gara. Lau herri izan gara aitzindari eta oraingoan sentsazioa baino gehiago dugu, uste sendoa baitugu lehenak besterik ez garela izan. Gure iraultza txikia handitu egingo da, Gipuzkoara zabalduko da, eskualdez eskualde, herriz herri. Zero zaborraren bidean lan franko izan arren, urrats asko eman behako ditugun arren, eraikitzen hasi berri diren errauste plantarenak egin du dagoeneko. Lemoizko zentral nuklearrarekin egin bezala, herritarrok geldituko dugu. Hasiko dela martxan esango digute, inauguratuko dutela, hondakinen arazoari amaiera eman diotela esango digute telebistan, baina jaio baino lehen hilzorian da errauste planta. Gipuzkoarrok egunez egun gosez hilko genuke, herrietan birziklatze mailak gora doazen neurrian jatekoa kenduko genioke.
Inposiziorik onartzen ez dugulako, alderdiek, nahita ere, ezin dutelako herritarron borondatea zapaldu. Birziklatzearen legegintzaldia izango da datorrena, politikari egoskor bezain maltzurrek errauste planta egin eta gipuzkoarrek pikutara bota zutenekoa.
Etorkizuna herritarrok idatziko dugulako.