GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Balantzea

Erronka guztiak bete ez baditu ere, ongi amaitu du Biarritzek

Hasierako helburua Ligako eta Heineken Kopako finalerdietan izatea zen, baina bietako inon ezin izan du asmoa bete, nahiz eta bietan gertu geratu den.

p038_f01_250x149.jpg

Jon LEUNDA

Nahi baino lehenago amaitu da Biarritz taldearen denboraldia. Orokorrean, iaz baino maila hobea eman du talde zuri-gorriak, baina zaleei nahiko aho zapore gazia geratu zaie, aurten ez baitute jokatu ez finalerdirik, ez eta finalik ere. Iaz, orokorrean denboraldi kaskarragoa egin zuen, baina Heineken Kopan egindako guztiak gainerakoa gainditu zuen.

Denboraldi hasieran Serge Blancok, taldeko nagusiak, garbi utzi zuen aurtengo helburua bi lehiaketetan finalerdietan sartzea zela, eta ahal bazen final bat jokatzea. Azkenean, ez bata eta ez bestea, nahiz eta bietan final-laurdenak jokatu dituen.

Gauza bitxia gertatu da; izan ere, Heineken Kopako final-laurdenetan Tolosaren aurka luzapenean galdu zuen. Partida irabaztetik ez zen oso aparte izan. Ligako final-laurdenetan, joan den ostiralean galdu egin zuen, baina lehen zati bikaina egin zuen eta atsedenera aitzinetik joan zen. Bi partida horiek markatuko dute aurtengo denboraldia, amaierako puntuazioa emateko garaian ezberdina baita final-laurdenetan geratu edo finalerdietan sartzea. Zerua ukitzetik oso gertu ibili da bi lehiaketetan, baina ez du inon ukitu, eta gertu ibiltzeak bakarrik ez du balio izaten.

Ligari begira jarrita, denboraldi ona egin du orokorrean. Bosgarren postuan amaitu du, laugarren geratu den Clermontekin berdinduta, baina bonusak medio, frantziarrek aurretik amaitu zuten, eta horregatik jokatu behar izan zituen final-laurdenak kanpoan. Finalerdietara zuzenean sailkatzeko aukerak ere ia amaierara bitarte izan ditu, eta hasiera zalantzaz jositakoa izan baldin bazen ere, amaieran txukun ibili da, nahiz eta finalerdiak jokatu gabe geratzeagatik penaz amaitu.

Europan egindako bidea ez zen txarra izan. Lehen fasean multzoko lehen postuan amaitu zuen, nahiz eta Italian ezustean galdutako partidak haserre handia piztu zuen Lapurdi aldean. Lehen faseko lau onenen artean amaitu zuen Biarritzek, eta horrek final-laurdenak etxean jokatzeko parada ematen zien.

Horrela, apirilaren 10ean Anoetako harmailak gainezka zirela jokatu zituen final-laurdenak Tolosaren aurka, eta errugbia maite dutenek gozatu ederra hartu zuten; gehiegi ezagutzen ez dutenek kirol hau maitatzen hasteko modukoa izan zen. Lehendabiziko zatian Tolosa izan zen nagusi, baina bigarrengoan Biarritzek gora egin zuen, eta ia amaieran partida berdintzea lortu eta luzapena jokatu behar izan zuten.

Luzapeneko minutuetan, ordea, kanpotarrak hobeto ibili ziren, eta iazko finalean gertatu bezalaxe, aurten ere Tolosak utzi zuen Europan baztertuta.

Yachvili

Biarritzek izan duen berririk onenetakoa Dimitri Yachvili izan da. Jaurtitzailearen denboraldia bikaina izan da, eta taldeko puntugile nagusia izateaz gain, talde honek bere behar handia duela ere ikusi da. Azkeneko denboraldietan lesio asko izan ditu, eta zuri-gorriak horri buelta eman ezinik aritu dira. Aurten, bere sasoirik onenera itzuli da, eta horrek sekulako konfiantza ematen du, puntu asko biltzeko ziurtasuna ematen baitu.

Ez da, ordea, bera bakarrik azpimarratu behar, Ngwenyaren lana ere ikusgarria izan baita. Jadanik ez da ezustea, baina bera ikusiz gozatua hartzen dute zaleek. Bere abiadurak sekulako mina egiten du eta entsegu asko lortzeko bidea egiten du. Anoetan Avironen aurka lortutakoa, txapela kentzeko modukoa izan zen.

Talde honen beste zutabetako bat Harinordoki da. Donibane Garazikoa munduko jokalaririk onenen artean dago, eta taldeak asko eskertzen du bere lana. Ez da inoiz ezkutatzen, eta taldeak behar duenean ardura hartu eta aurrera eramaten du.

Zaleen portaera ere oso ona izan da, eta orain denak datorren urteari begira jarrita daude, aurtengoa hobetzeko asmoa eta itxaropena baitago denen gogoan.

Oso gertu

Heineken Kopako finalerdietatik kanpo geratu zen luzapenean, eta Ligan, berriz, lehen zatian aldearekin amaitu ostean, bigarren zati txar batek utzi zuen finaleko ataritik kanpo.

Jokalariak

Yachviliren jokoa izan da zuri-gorrientzat berririk onena. Azken urte hauetan lesio ugari izan ostean, aurten sekulako denboraldia egin du, eta taldeak ederki eskertu du bere lana, zuri-gorrien jokorako ezinbestekoa dela ikusi baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo