Mobilizazioa homofobiaren aurka, «asko baitago egiteko oraindik» elkarteen aburuz
Homofobiaren Aurkako Eguna izan zen atzo eta Euskal Herriko hainbat hiriburutan elkarretaratzeak egin zituzten; izan ere, gay, lesbiana, bixesual eta transexualen elkarteek salatu dutenez, bide luzea falta da egiteko.
GARA | BILBO
Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen atzo, eta beste behin ere, gay, lesbiana, bisexual eta transexualen elkarteek kalera ateratzeko deia egin zuten. Izan ere, oraindik ere giza eskubideak urratu egiten zaizkiela salatu beharra dutela diote. Bilbo edo Donostia izan ziren horren lekuko.
Errespetuz elkarteak, pertsona transexualen integraziorako eta babeserako elkarteak, gainditu beharreko hainbat erronka jarri ditu mahai gainean, oraindik asko baitago egiteko euren ustetan.
Lege-berdintasuna da horietako bat; izan ere, gay eta lesbianek legez berdintasuna «teorian behintzat» lortu badute ere, berez, bazterkeria eta erasoak pairatzen jarraitzen dute. Ugaltze eskubidea da adibideetako bat, baita PPk sexu berekoen arteko ezkontzen legearen kontra jarritako errekurtsoaren «mehatxua» ere. Emakume eta gizonezko transexualen egoera are larriagoa da.
Errespetuz-entzat osasunerako eskubidea da beste erronketako bat, agintean dagoen politikariaren arabera, «oinarrizko eskubide hori ukatzeko arriskua» baitute etengabe. Kirurgia tratamenduen urritasuna edo amaigabeko itxaron zerrendak aipatu dituzte. Bestalde, lan eta gizarte bazterketa arrisku handienetakoa duen sektorea osatzen duten arren, inolako diskriminazio positiborik ez dutela jasotzen ere ohartarazi dute, eta eskoletan «transfobiaren» inguruko aurreiritziak errotik uxatzeko hezkuntza lanik ez dela egiten.
Zirikatzeko deia
Gazteria Askapenerako Mugimenduak, Gaztehgam-ek, Euskal Herri osoan zehar «zirikatzeko» kanpaina bat jarri zuen martxan hilaren hasieran. Eta atzo, PPk Bilbon duen egoitza aurrean «heterofaxismoaren» kontrako elkarretaratzea egin zuten. Sare Antifaxistak ere bat egin zuen deiarekin, guztiek ere helburu berbera izanik: «Jendarte eredu berri baterako bidea egitea».
Euskal Herrian heterofaxismoak «aurpegi asko» dituela salatu dute ohar baten bidez, hala nola: eliza katoliko «kriminala», Opus Dei erakundea, eskuin mugimendu neofaxistak, jokaera sexistak, gazteei ezarri nahi dieten «nortasun kontrolatua», PP eta gisako hainbat «erakunde ultraeskuindar, Manos Limpias, Dignidad y Justicia, España 2000 eta Falange taldeak. Horiek guztiak «homofobiaren, lesbofobiaren eta transfobiaren aurpegiak» direla salatu zuten.
Gaztehgam mugimenduak jopuntuan duen alderdietako bat PP da; izan ere, euren hitzetan, «beti oztopatu izan du sexu askapenerako edozein aurrerapauso».
Horiek horrela, Gaztehgam-ek desadostasuna, haserrea eta salaketa horien aurrean azaleratzeko dei egin du. «Inork ezin duelako gure nortasuna, sexualitatea edo gorputzaren gaineko eskumena aldarrikatu», diote. Era berean, datozen egunetan ekintza gehiago egingo dituztela iragarri dute, kanpaina handi bat baitago martxan.
Gehituk, Euskal Herriko gay, lesbiana, bisexual eta transexualen elkarteak, PPren Estatu espainoleko presidente Mariano Rajoy saritu du 2011 Latorrizko Gehitu sariarekin, sexu bereko ezkontzen aurkako jarrera izateagatik.
Errespetuz elkarteak hiesaren errealitate latza nabarmendu du, baita LGTB pertsonek jasaten duten bazterkeria ere, edota prostituzioan aritzea beste biderik izan ez duten emakume transexualen kasuak.