GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

HAUTESKUNDEAK EUSKAL HERRIAN

Hautagaiei gutuna

Igor ELORTZA

Politikaz eta kulturaz idazten dizuet, hautagai guztioi; bereziki, nire botoa jasoko duzuen bildukideoi. Aro berririk izango bada, politikaren aroa beharko baitu, eta herria antolatzeaz badihardugu, kulturak funtsezko funtzioa baitu.

Euskaldunok hobeak izan gara alderdiak egiten politika egiten baino. Hortik azken hogei urteotako euskal kulturgintza ezaugarritu duen ideia nagusia: kultura ez da politika. Eraginkorra izan zen, bere garaian, eguneroko kulturgintza eguneroko politikagintzatik bereiztea, baina urteak dira ikuspegi hori gainditu behar genuela.

Gaur eta hemen, kultura gai politikoenetakoa da. Kultur politika izan baitaiteke euskalduna, espainola edo anglosaxoia; herritarra, instituzionala edo salerosikoa; zabala, menpekoa edo menperatzailea. Gaur eta hemen, euskal herri-kulturgintza zabala garatzea lehentasun politikoa da.

Proposamen konkretuak eskatuko dizkidazue, beharbada. Hona hemen batzuk: Nafarroan euskararen lege ganorazko bat lantzea eta negoziatzea; aldundiek komunikabideekin elkarlana adostea, euskarazkoak indartzeko eta gaztelerazkoetan euskal kultura sustatzeko; Euskal herri-kulturgintza zabalaren abangoardiarako aukera errealak gauzatzea. Sortzaileek, elkarteek eta deneriko eragileek urteak daramatzagu baliabide urriekin eta badaezpadako begirunearekin lanean. Urteak aro berriaren zain, eskuz esku aritzeko erabaki ahalmena aitortuko diguten herri-agintariekin; botoa eman diegunak izan zein ez.

Kultura ez da politika. Kultura da politika.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo