GARA > Idatzia > Kultura

Mukaki-ren espirituari eutsiz, eszena gainerako jauzia egin dute Xutik lapurtarrek

p047_f02_97x68.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Pasibotasunari umorez egin nahi dio aurre Xutik taldeak. Orain arte Zpeiz Mukaki izenarekin elektrotxaranga moduan kale bazterrak alaitzen aritu diren lapurtar hauek sorkuntzarako eta taula gainerako jauzia egin dute, eta festa giroan jarraitzeko asmoa dute. Bide horretan, «Mukaki zpirit» (Baga-biga) deitu diote hamalau kantuz osatu duten diskoari, Paxkal Etxeparek grabatu eta nahastua.

«Lau urtez kalez kale ibili gara, oso gustura, bertsioak jotzen. Baina bagenuen gogoa sorkuntzarako jauzia egiteko ere. Azken bi urtez kantuak sortzen joan gara, bat hemendik bestea hortik...», esan zuten. Diskoan sartu dute, esaterako, Baigorrin ospatu berri den Nafarroaren egunerako egindako kantua edo Korrikarako egin zuten beste bat ere. «Lagun talde bat gara eta taula gainerako jauzi hori naturalki etorri da», azaldu zuten.

Kaleetan edo taula gainean, bazterrak astintzen jarraitu nahi dutela argi utzi zuten. «Gure inguruan inplikazio falta ikusten dugu eta hori apurtzea izan da gure nahia, beti ere umorez eta festa giroan», azaldu zuen Patxi Bidart gaita- eta saxo-jotzaileak. «Eszena gainean gustura sentitu nahi dugu eta guk hori lortzen badugu, publikoarekin harremana ere lortuko dugula uste dugu», gaineratu zuen. Bidartekin batera osatzen dute Xutik Mizel Zamorak (eskusoinua, tronpeta, tronboia), Sebastien Sedes (gitarra), Peio Iciaga (ahotsa), Ortzi Hegoasek (bateria), Txomin Dhersek (teklatuak), Amaiur Coscaratek (baxua), Maitena Beheranek (ahotsa) eta Pierre Balaceyek (gitarra).

Ska eta reggae doinuez gain, badira rock edo punk ukituak ere. Taldean bederatzirekin nahikoa ez, eta kolaborazio mordoa izan dute, hala nola, Eñaut Elorrieta, Xabi Solano, Patxuko, Zigor DZ, Pello Reparaz eta Pirritx eta Porrotx. Hitzetan, berriz, Filipe Lascaray, Amets Arzallus eta Odei Barrosoren laguntza izan dute.

Udari begira, zuzenekoak eskaintzen hasteko gogotsu direla esan zuten, eta hil honen 28an Saran izango dira diskoa aurkezten. Bi formatuak mantenduko dituztela esan dute gainera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo