Nafarroako Artzapezpikutzaren ondasun-gosea
Nafarroako Artzapezpikutzak ez du inolako agiririk behar izan ehunka eliza, baseliza eta beste ondasun ugariz jabetzeko. Eskandalagarria ez ezik, sinestezina ere ematen du, baina Nafarroako instituzioen jarrera -zabarkeriatik konplizitatera zabaltzen dena- ikusita, ez da harritzekoa. Hala ere, nafar herritarrek, beren ondasunen defentsarako plataformaren bidez, eta zenbait udalerrik desjabetze erraldoi horri aurre egitea erabaki zuten, agintariek egin behar luketen lana egitea, hain zuzen. Duela hiru hilabete eta erdi, Lizarrako Epaitegiak arrazoia eman zion Garisoaingo kontzejuari eta Artzapezpikutzak hango baseliza bere izenean erregistratzea galarazi zuen. Oraindik orain, Uharteko Udalak Agoizko Epaitegian auzi-eskea aurkeztu du, herriko San Juan Ebanjelista eliza berreskuratzeko; izan ere, 2003an, beste asko eta asko bezala, bere izenean erregistratu zuen Artzapezpikutzak. Uharteko Udalak, gainera, elizaren jabetza frogatzen duten agiriak aurkeztu ditu bere eskearekin batera, besteak beste 1820. urteko bat, antzinatik eliza hori udalerriko jabetza izan dela argi uzten duena.
Bitxia gertatzen da Nafarroako eliz hierarkiak lurreko ondasunei dien atxikimendua, gutxienez bitxia ondasun-gosearen kontra predikatzen duen instituzio horrek bereak ez diren -herriarenak diren- jabetzei ere dien atxikimendua.