GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Elkar ulertzen ez duten hizlariak

Lekutan zebilen hau!» esango du bateren batek ondoko lerro hauek irakurtzen amaitzen duenerako; badakit, gaur notizia beste bat da, eta hori onartuta ere, Dominique Strauss-Kahn-en aferaz idatzi nahi dut. Haize berriak, fresko-freskoak, datozkigu, iritsi zaizkigu; usaintzen ditut, baina pasa den astean sumatu dudan lizun usainean erreparatu behar dut.

Pertsona orok du errugabetasun-presuntziorako eskubidea, baina delituen eta joeren errepikapenean tematzen dena erruduna dela pentsatzeko nik edo edonork dugun aukeraren mailakoa da hura. Irakurri dut, urdaila uzkurtu didaten beste hainbat konturen ondoan, atxilotzeko puntuan zegoela, Strauss-Kahn hegaldiko azafata bati zeinen ipurdi polita zuen esanaz ari zela, handitasunetik, boteretik... Hori entzuteak NDFko buruari emakume bat ustez bortxatu izanak zer-nolako ondoeza eragin zion neurtzeko bidea ematen du: batere ez, alegia.

Istorio honetan guztian bada protagonista, erasoa jasan duen hoteleko langilea. Hark ez du, antza, dirurik eta aginterik, hark ez ditu mundu mailako ekonomiaren hariak mugitzen; baina badu, eta hura ezin dio inork kendu, boterea, bere burua eta gorputza gobernatzekoa, zeini esan baietz eta zeini ezetz erabakitzekoa, edonork dugun parekoa eta botere ororen gainean jarri beharrekoa.

Inor gutxi arduratu da, ordea, langileaz, tematuta aritu dira Strauss-Kahnen atxiloketak politika eta ekonomia alorrean izango zituen ondorioez. Boterea eztabaidan, elkar ulertzen ez zuten hizlarien artean: ekonomikoaz eta politikoaz ari ziren batzuk; pertsonal eta intimoaz beste batzuk, gorputzari eta askatasunari estu-estu lotutakoaz.

Hizlarien arteko ezin ulertua eta lizun usaina darien ideiak eta pentsamoldeak mahaiaren gainean jartzeko balio izan du bederen kasuak. Oraindik ere agintean sustraituta jarraitzen duten ideia zaharkituak azaleratu ditu eta estilo liburuak liburu, notizia danbatekoa gertatuta, komunikabideek «egokitasunetik» nola egiten duten irrist konprobatu dugu, lizun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo