GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Felipe Aizpuru Jardunaldien Batzorde Antolatzailea eta Batzorde Zientifikoa

Ikerkuntza helburu Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen XXI. jardunaldietan

Osasun alorrean euskaraz lan egin nahi duzuen profesional guztiei jardunaldi hauetan parte hartzeko gonbita egiten dizuegu. Gasteizen ikusiko dugu elkar

Sektore profesionaletan euskararen egoera beste arloetan topa dezakeguna be- zain ona ez dela esan genezake, zalantza izpirik gabe. Baina gauzak ekinaren ekinez baino ez direla aldatzen jakitun, osasun alorrean, hau da, mediku, erizain eta hauekin harremana duten bestelako profesionalen artean, orain 21 urte elkarte bat sortu genuen, osasunarekin erlazionatutako alorretan euskarak leku duin bat lor zezan.

Paziente eta gaixoekin euskarazko harreman profesional egokia eskaini ahal izateko, lehenengo betebeharra hizkuntz gaitasun egokia lortzea zenez, prestakuntzari lehentasun osoa eman genion gure elkartean garai hartan. Horrela, urtez urte osasunari buruzko jardunaldiak antolatu izan ditu OEEk, Hegoaldeko lau herrialdeetan.

Errepaso historiko bat eginez gero, arlo asko jorratu direla esan genezake, esaterako, gaixotasun infekziosoak, osasun arazoak zahartzaroan, eritasun kronikoak, larrialdiak, genetika, neurozientziak, prebentzioa, gaixo terminalak, alergiak, gaixotasun kardiobas- kularrak edo iaz egin ziren emakumeak eta osasunari buruzkoak, adibidez.

Gogoratu beharra dago orain 21 urte medikuntza edo erizaintza fakultateetan euskararen presentzia hutsaren hurrengoa zela, eta beraz, ordura arte osasun zerbitzuetan lan egiten genuen beharginok ikasketa guztiak gaztelaniaz edo frantsesez egin ondoren hutsune nabarmenak genituela gure lana euskaraz garatzeko.

Aurten ere, urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, «Ikerkuntza: ezagutzatik ekintzara» gaitzat hartuta, ekainaren 3an eta 4an batuko gara berriz ere, oraingo honetan Gasteizen, XXI. Jardunaldiak burutzeko.

Gai hau aukeratzearen arrazoia sinplea da: osasun alorrean bizi ditugun hobekuntza guztiak ikerketaren ondorioz sortu direla gauza ukaezina da. Horrela, medikamentu eta teknologia berriak ez ezik, gaitzak diagnostikatzeko, tratatzeko eta prebenitzeko prozedura egokienak ere, ikerkuntzari zor dizkiogu.

Oro har, esan daiteke ikerkuntza gero eta zeregin handiagoa hartzen ari dela gizarteen eraldaketetan. Horren barruan, osasun zerbitzuen bilakaeran duen garrantzia handia da. Egiten diren ikerketa lanei esker, urtero berrikuntza handiak izaten ditugu gure lanean, diagnostikoak egiteko orduan, tratamenduetan, eta abar.

Jardunaldietan islatu nahi dugun moduan, gure inguruan egiten den ikerketak hainbat alorretan lagundu du, esaterako gizartearen osasuna hobetzen, gure osasun sistemaren efizientzia handitzen, eta gaixo bakoitzari gehien egokitzen zaion tratamendua bereizten.

Horregatik, ikuspegi desberdinetatik antolatu dira mahai-inguruak, ikerkuntzak pertsonengan, osasun publikoan eta sisteman nolako eraginak dituen aztertuz.

Lehenengoan, gero eta gehiago entzuten ari den medikuntza pertsonalizatuari buruzkoan, honako gaiak landuko dira: Medikuntza Eraberritzailea, Genetika eta jaioberrien diabetesa, Zelula amak, eta azkenik, Nano-imanen zenbait erabilera medikuntza arloan.

Osasun publikoan duten eraginari dagokionez, honako gaiak aztertuko dira: Desberdintasun sozialak osasunean, Minbiziaren bahetzea eta Gaixotasun Kardiobaskularrak.

Azkenik, ikerkuntzak sisteman duen eragina hobeto ezagutzeko, ondoko aztergaiak izango dira: Gaixo kronikoen jarraipen aktiboa, Ikerkuntza botika-erabileran eta Lipidoei buruzko jarduera klinikoaren gidaliburua.

Baina mahai-inguruez gain, gauza gehiago izango dugu Gasteizen. Batetik, ahozko hemeretzi komunikazio aurkeztuko dira. Horiez gain, bi tailer ere izango dira: Galdera klinikoaren egitura eta bilaketa bibliografikoa eta Irakurketa kritikoa. Amaitzeko, ikerkuntzari buruzko 33 poster izango dira ikusgai biltzarraren bi egunetan.

Egitarauari azken ukitua emateko, arlo soziala ere landuko da, eta partaideek afarian eta Gasteizko bisita gidatuan parte hartzeko aukera izango dute, gure hiriak izan dituen aldaketak zein alde historikoa ondo ezagutzeko.

Bi hamarkada luze pasatu ondoren, OEE elkarteak, 400 bazkidetik gora izanik, osasungintzan eragiten jarraitzen du, prestakuntzari eta euskararen normalizazioari bere ekarpena eginez.

Guzti horiengatik, osasun alorrean euskaraz lan egin nahi duten profesional guztiei jardunaldi hauetan parte hartzeko gonbita egin nahi diegu. Gasteizen ikusiko dugu elkar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo