GARA > Idatzia > Euskal Herria

Autoaren erabilera murriztu beharraz ohartarazi du Bizik

Azken urteotan autoaren erabilerak nabarmen gora egin du Ipar Euskal Herrian. Batez ere, Baiona, Angelu eta Biarritzen izan da gorakada. Berriki egindako inkesta baten arabera, Lapurdin, familiako bi auto izatera heldu dira. Bizi mugimenduaren iritziz, autoaren urteetako nagusitasuna gainditzeko egin beharrekoak asko dira, hala nola hirietan herritarrek espazioa berreskuratu, hirigintza berrantolatu edo autoa ez den beste garraio motak bultzatu.

p021_f02.jpg

Ainize BUTRON |

Hiri erdialdean bizi diren herritar bakar batzuek izan ezik, biztanle gehienek autoa hartzeko joera dute, iritsi beharreko helmuga etxetik hurbil izanik ere. Hori erakusten dute Lapurdi Ipar eta Hegoaldeko herri elkargoak, Landes eta Pirinio Atlantikoak departamenduetako kontseilu nagusiek eta Akitaniako Eskualde Kontseiluak batera eskaturiko inkesten emaitzek. Bi azterketa burutu dituzte: Landes hegoaldeko eta Lapurdiko 40 hiri handienetako herritarren mugikortasunari buruzko azterketa; eta beste 130 bat herritan zabaldutako inkesta.

Azken urteotan autoaren erabilerak gorakada izan duela nabaria da, bereziki Baiona, Angelu eta Biarrizko herrien sarrera-irteeretan; baina, datu berri horiek kaleratu direlarik, «ezustekoa» izan dutela aitortu dute hautetsiek. Izan ere, azterketak zehazten duenez, familia bakoitzeko auto kopurua batez beste 1,46koa da Lapurdi kostaldean, baina 2koa izatera ere iristen da, hiru kidetik gorako familiatan.

«Etxeen motorizazioaren batez bestekoa izugarria da gure eskualdean», nabarmendu zuen Jean-René Etchegaray Baionako hautetsi eta herri elkargoko buruak. Zenbakiz beteriko 85 orrialdeko inkesta mardulak beste datu esanguratsu bat ere jarri du mahai gainean; hau da, etxetik kanpora joateko orduan, bidaien %76,5 autoz egiten direla. Bidaia horien %17 lantokira joateko egiten dira, gainerako guztiak aisialdi, erosketa edo beste zereginetarako izaten dira. Bestalde, gehienetan, bidaiak bakarkakoak izaten dira.

Garraio garbia bultzatzen den garai hauetan, inkestaren arabera, hiri erdialdean bizi diren herritarren %1ek soilik baliatzen dute txirrindua.

Datu horiek guztiak arretaz begiratzerakoan, hainbat galdera sortzen dira: zergatik dugu autoa gaur egun oraindik ere garraiobide lehenetsi eta nagusitzat? Balizko erantzunen artean daude garraio publikoaren gabezia, etxebizitzak barreiaturik eraiki izana, edo agintari politikoen axolagabekeria.

Arrazoiak puntu horietan guztietan aurki daitezke, Iban Grossier Bizi mugimenduko kidearen iritziz: «Jakin behar da urteetan autoa askatasun sinbolotzat hartua izan dela. Autoa abiadura handiko tresna da askorentzat, eta ikuspegi hori hausteko ez da sekula izan garraio publiko eraginkor baten eskaintza. Autoak izan du nagusitasun osoa».

Bizi espazioa berreskuratu

Ikuspegi horri gehitu behar zaio Lapurdiko hirietan zein herrixketan garatu den hirigintza mota. «Banakako etxe asko eraiki da eta oso barreiatua. Herritar gehienen ametsa da mila metro karratuko eta lurrez inguraturiko etxean bizitzea», esan zuen.

Izan ere, garraio publikoaren erabilera %4koa dela ondorioztatzen du inkestak, eta oinezkoak %6-20 direla. Azterketa hori kaleratuz kontzientzia hartzea bazegoela erakusten zuela nabarmendu zuen Grossierek. «Duela bi urte ohartu ziren ez ziotela arazoari aurrea hartu. Beharrik esnatu diren. BAB herri elkargoan lehentasuna Chronobusaren finkapenari eman ordez, 2x2 bide baten eraikitzeari eman baliote egoera larriagoa izango genuke. Eskaintza erakargarriagoa egin dute, eta, hori positiboa da», argitu zuen.

Chronobusari esker, autobusez 37 kilometroko ibilbidea egiteko aukera eskaintzen hasi ziren iaz. Baina, Grossieren eta, egunerokoan autoari alternatiba bat emateko borrokan ari diren herritarren iritziz, garraio publiko eraginkorra egitea ez da eman beharreko urrats bakarra. «Azken 30 urteotan gibelerako urratsak eman ditugu. Herritarrek hirietan espazioa galdu dugu, gutxika, autoei lehentasuna emateko. Hori guztia berreskuratu behar dugu», esan zuen.

Bizi mugimenduak dioenez, botere publikoek, baliabideak emateaz gain, bestelako garraio eredu bat bultzatu behar dute eraginkortasunez. Izan ere, autoarekin edonon aparkatzeko aukera dagoen heinean, herritarrek autoari lehentasuna ematen jarraituko dute, Grossieren ustez. «Aparkalekuetara bideratzen den leku hori guztia kentzen zaio espazio publikoari», esanez bukatu zuen Bizi mugimenduko kideak.

INKESTAK

Berriki burututako inkesta honako erakundeek eskatu dute: Lapurdi Ipar eta Hegoaldeko herri elkargoak, Landes eta Pirinio Atlantikoak departamenduetako kontseilu nagusiek eta Akitaniako Eskualde Kontseiluak.

DATUAK DATU

Mahai gainean jarri den beste datu esanguratsu batek dioenez, etxetik irteteko orduan, bidaien %76,5 autoz egiten dira. Bestalde, joan-etorri horien %17 lantokira joateko egiten dira eta gainerakoak aisialdi, erosketa edo beste zereginetarako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo