Islandiako sumendi baten erupzioak Britainia Handiko eta Irlandako aire trafikoa eteteko arriskuan ipini du
GARA |
Sumendi baten erupzioak kezka areagotu du, beste behin ere, aire trafikoan. Islandian dagoen Grimsvotn sumendiaren aktibitatea izugarri emendatu zen pasa den larunbatean, eta denbora gutxian, erupzioa hasi zen. Segituan atmosferara errautsa jaurtitzen hasi zen, 15.000-20.000 metroko garaierara iritsiz, eta horrenbestez, Islandiako bertako hegazkin trafikoa eten egin behar izan zuten. Azken orduetan kezka areagotu egin da, ordea, errauts-hodeia Europara eta inguruetara barreiatu litekeela ohartarazi baitute hainbat geologo taldek.
Eurocontrol-ek, esaterako, hodeia gaurko Eskoziara iritsiko zela adierazi zuen atzo, eta sumendiaren emisioak intentsitate berberaz jarraituz gero, ostegunerako Euskal Herrira eta Estatu espainolera ere ailegatuko dela iragarri zuen. Alabaina, Eskoziaren kasuan, hodeiak 20.000 metroko altueran iraungo duela nabarmendu zuten, eta, hegaldi komertzialek 37.000 eta 39.000 metroko altueran zirkulatzen dutenez, horrek ez duela aparteko arazorik ekarriko aire trafikoan.
Haatik, baldintza meteorologikoak tarteko, errautsak Irlandara eta Britainia Handira ailegatu zain zen atzo Europako Batzordea. Haizeak norantz jo zezakeen aurreikusteko ezintasunez, ordea, datuok ez ziren ziurrak erabat, baina duela urtebete eskas beste sumendi batek eragindako kaosa saiheste aldera, salbuespenezko bilkura deitu zuen, aire trafikoa antolatzen duten konpainiekin batera. Aurrerantzean jarraitu beharreko neurriak zehaztea izan zuten eginkizuna, eta besteak beste, errautsen kontzentrazioaren araberako hiru maila finkatzea adostea espero zuten, gorria, urdina edo beltza, larritasun mailaren arabera.
Danimarkako aire trafikoa kudeatzen duen Naviair konpainiak, bere aldetik, Groenlandiaren ekialdeko gune bat ixtea erabaki zuen atzo, beren atmosferan zenbait errauts partikula nozitu ostean. Norvegiako Avinor konpainiak ere atzo arratsalderako lainoa Svalbard uhartedira iristea espero zuen, eta hortaz, herrialdearen ekialdea hegazkinen trafikorako ixteko deliberoa hartu zuen badaezpadako neurri gisa.
Aireportua zabalik
Grimsvotn sumendiaren erupzioaren gaineko berriak lausoak ziren atzo, nahasgarriak. Europa aldeko herrialdeetan alarmak pizten ari ziren neurrian, errautsen eragina dezente indargabetu zela zioten Islandiako iturri ofizialek; areago, baldintza meteorologikoek ildo beretik segituz gero, Reykjavik-eko aireportu nagusia, Keflavik, berriz ireki egingo zutela ziurtatu zuten.
Edonola ere, zenbait aditu hark eragindako ondorioei garrantzia kentzen ahalegindu ziren arren, nabaria zen errauts-hodeiak hainbat herrialdetan sorrarazitako ardura; are gehiago Europan, iaz Eyjafjallajokul sumendi islandiarrak eragindakoak gogora ekarrita.
Urtebetean prebentzio neurrietan asko aurreratu dela nabarmendu nahi izan zuen atzo, ostera, Europar Batasunak, eta inondik inora ez zegoela iazko egoera errepikatzeko arriskurik.
Artean ez dakite errautsen eraginak zenbat denbora iraungo duen; bi edo hiru aste izan litezkeela aipatu dute, baina erupzioak jarraituz gero, are gehiago luza litekeela ere ohartarazi dute.