GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

HAUTESKUNDEAK EUSKAL HERRIAN

Ondarroa eta Errenteria, M-22aren aldaketa sakonaren adierazle

p009_f01.jpg

Martxelo DIAZ | IRUÑEA

Igandean Bilduk garaipena lortu zuen udalerri mordoskan, badira bi sinbolikoki garrantzi berezia dutenak. Ondarroa da bata, non aurreko agintaldian indarrean izan zen bazterkeria dela-eta Udala gestora baten eskuetan zegoen, herritarren boron- dateari bizkarra emanez. Errenteria da bestea, Gipuzkoako hirugarren udalerria biztanleriari dagokionean -Donostiaren eta Irunen atzetik-. Ezker abertzalea bertan beti indartsu izan bada ere, orain arte udal hauteskundeetan garaipenik lortu izan ez duen herria.

«Gestoraren menpe izan gara orain arte. Duela ia hilabete hasi ginen garaipena ospatzen, herriaren nahia zein zen ikusten genuelako. Aldaketarako behar eta premia zegoen eta egingarria zela ikusten genuen. Joan den ostiralean herrian festa egin genuen, hauteskunde aurrekoa. Eta jende guztia han egon zen. Txitxarro errea jan genuen, sagardoa edan genuen, musika izan zen... Aldaketarako premia hori ikusi genuen. Hauteskundeak prozesu horren bukaera izan ziren, ze hemendik aurrera fase berri batean sartuko gara», azaldu du Ondarroako Luken Otsoantazenak.

Ondarroan emaitza itzela lortu badute ere -botoen %59-, Otsoantazena ez da guztiz pozik, Nafarroan eta beste herrietan abertzale guztiak elkartu izan balira, emaitzak hobeak izango zirelako. «Bildun elkartu bagara ere, batzuk falta dira, eta horien premia denok daukagu. Etxea elkarrekin altxatu behar dugu. Gero, bakoitzak bere gela nahi duen kolorearekin margotuko du», nabarmendu du.

«Gestora Ondarroara inposaketaz etorri zen, eta gerora ere beraien kudeaketa okerra izan da. Herritarrengandik urrun egon den Gobernua ekarri zuten. Biztanleekin ez zuen inolako harremanik ez hurbiltasunik. Lau urteotan, herriarentzako ondorio negargarriak utzi dituzte. Adibidez, herriko hainbat proiektu gelditu dituzte epaileek. Batzorderik ez zegoen. 600 lagun biltzen dituen Gabonetako Herri Krossa ere beraiengatik geldirik egon da. Gobernagarritasunaren izenean etorri ziren, eta beraiek gabe Ondarroa anabasan eroriko zela esaten zuten; baina beraiek ekarri zuten anabasa Ondarroara», adierazi du Unai Urruzunok.

Hemendik aurrera, Ondarroako herritarren iritzia kontuan izan eta parte-hartzea bultzatuko dutela dio Urruzunok. «Egin beharreko lehen gauza Udala zein baldintzatan dagoen ikustea da. Guretzat ikurra herritarrei ateak zabaltzea eta beraiekin ahalik eta lan txukunena egitea da».

«Emaitza onak espero genituen, baina ez halakoak. Beste eredu bat proposatu dugu eta jendeak onartu egin du. EAJrekin Udala itxita zegoen, ez zegoen ez batzorderik, ez ezer. Eta euren politika ekonomikoa ere behar ez ziren obrak egitea izan da, politika sozialik eta kulturarik gabekoa. Guk kontrakoa eskaini dugu. Herritarren ekarpenekin egindako programa potoloa osatu dugu eta batzordeak berriro martxan jarriko ditugu. Jendeak hori pilo bat eskertu du», azaldu du Bilduren zerrendan hamargarren postuan zegoen Ibai Muñizek. Ez da zinegotzia izango, baina pozez gainezka zegoen atzo.

1983tik PSEko alkateak

Historikotzat jo daiteke era berean Bilduk Errenterian lortu duen garaipena. Anjel Mari Elkanok gogora ekarri duenez, 1978tik egin diren hauteskunde guztietan PSE izan da bozkatuena. Halere, 1979ko udal hauteskundeetan HBk Alkatetza lortu zuen, bigarrena izan bazen ere, EAJk Xabin Olaizolari sostengua eman ziolako. Orain, berriz, lehen postua lortu du Bilduk.

«Egia da beste batzuetan ere orain lortu dugun 6.300 botoen mugan egon garela. Orain, PSEk behera egin duenez, lehen postua eskuratu dugu», nabarmendu du Elkanok.

«Aurretik eskubide zibilen aldeko foro bat ireki zen, eta bertan esparru oso-osoa bildurik zegoen, herri honen eskubideak gauzatzeko. Bilduko zerrendaburua horretan koordinazio lanetan aritu da. Azken bost hilabeteotan herrian lan egin dute eta maiatzaren 6an bost puntuko ekimena aurkeztu zuten. Hor ikusten zen bazegoela PSOEri aurre egiteko gogoa. Beste giro bat arnasten zen. Aldaketarako inoiz baino baldintza hobeak zeudela ikusten zuen jendeak», azaldu du zinegotzi ohiak.

Gatazka gertutik bizi izan duen herria da Errenteria, bertan gerra zikina eta ETAren ekintzak izan direlarik. PSE Alkatetzara 1983an iritsi zenean, gainera, bandera espainola Udaletxean paratu zuten, istilu handiak eraginez herriko jaietan, madalenetan. Hogei urtez, Gipuzkoako PSEko buru izan den Miguel Buen izan zen errenteriarren alkate, Pasaiako portua zuzentzera joan zen arte. 2003tik PSEko beste kide bat, Juan Carlos Merino izan dute alkate. «2011. urtera arte luzea izan da ibilbidea. Hainbeste agintaldi errepikatzen direnean, aldaketa zaila ikusten da. Sekulakoa izan da garaipena. Kontuan izan behar da eskualdeko herrietan ezkerreko udal abertzaleak izan dituztela, baina Errenteriarako izugarria izan da hau», dio Elkanok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo