GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

FUTBOL SELEKZIOA | Estoniaren aurkako neurketa prestatzen

Etxetik kanpo ere, ofiziala izan nahi duela erakustera

Euskal selekzioak aro modernoko bere hirugarren partida jokatuko du bihar etxetik kanpora. 2006an Bartzelonan eta 2007an Venezuelan egin bezala, euskaldunek beren maila erakutsi nahi dute nazioartean.

p042_f01.jpg

Asier AIESTARAN

Lau urteko etenaren ondoren, Euskal Herriko futbol selekzioak etxetik kanpo jokatzeko aukera izango du berriz ere bihar gauean. Tallinen du oraingo honetan hitzordua, Estoniako selekzioaren aurka, eta jokalariek federazioari azken negoziaketetan jarritako zenbait baldintza betetzen hasteko balioko du.

Alde batetik, jokalariek argi azaldu zuten, abenduan argitaratutako komunikatuan, garrantzitsua zela Gabonetako ohiko neurketaz gain urtean zehar beste partidaren bat antolatzea, euskal selekzioak egutegi osoago bat izan dezan etorkizunean. Bestalde, behin baino gehiagotan aipatu izan dutenez, Euskal Herritik kanpora jokatzea ere bultzatu beharreko kontua da, euskal selekzioak eta bere aldarrikapenek nazioartean behar adinako sona izan dezaten.

Kontestu horretan iritsiko da biharko norgehiagoka, selekzioak aro modernoan etxetik kanpora jokatuko duen hirugarrena. Izan ere, Gerra Zibilaren amaierarekin batera euskal selekzioa debekatu zutenetik, bi aldiz baino ez da aritu Euskal Herria bisitari lanetan.

Aurrenekoa 2006ko urriaren 8an izan zen, Kataluniaren aurka Bartzelonako Camp Nou futbol zelaian 2-2ko emaitzarekin amaitu zen neurketan. Orduko hartan, Aritz Aduriz eta Fernando Llorente izan ziren euskaldunen goleatzaileak; etxekoen aldetik, berriz, Joan Verdu eta Albert Luque izan ziren ate aurrean asmatu zutenak.

Bigarren hitzordua handik urtebetera iritsi zen, 2007ko ekainaren 20an, Venezuelaren kontra San Cristobal hiriko Pueblo Nuevo zelaian. Orduan, Adurizek, Gabilondok eta Etxeberriak birritan sartutako golek aurreratu zuten markagailuan talde euskalduna; baina amerikarrak berdintzeko zorian egon ziren, Torrealbak (bat) eta Arangok (bi) sartutako golei esker. Azkenean 3-4koa izan zen emaitza.

Gorabehera dezenteko garaiak izan ziren euskal selekzioarentzat, jokalarien eta federazioaren arteko harremanak pil-pilean baitzeuden. Bartzelonan jokatutako neurketa mugarritzat har daiteke, Euskal Herriak lehenengo aldiz FIFAk selekzioentzat gordetako egun batean jokatu zuelako. Hala ere, partidaren aurretik izandako presio eta gertakariek -bakearen aldeko lagunarteko gisara aurkeztu zuten hitzordua federazioek- apur bat desitxuratu egin zuten neurketa.

Venezuelaren kontrakoa ere historikotzat har daiteke, selekzioa Amerikara itzuli zelako ia 70 urteren buruan. Amerikako Kopa antolatu eta bertan parte hartzeko prestatzen ari zen, gainera, etxeko taldea. Baina kasu honetan ere, kritikak ez ziren falta izan. Esaitek bidaia ofizialtasunaren aldarrikapena ahalik eta esparru gehienetara zabaltzeko baliatu zuen bitartean, federazioaren jarrera oso bestelakoa izan zen.

Zoritxarrez, jokalari eta federazioko agintarien arteko harremanak okertzen joan ziren hortik aurrera, eta 2007ko abenduan Kataluniako selekzioaren aurka jokatutako partidaren ostean (1-1, Aritz Aduriz eta Bojan Krkic-en golekin), hiru urteko etena etorri zen.

Baina atzera begira jarrita, deigarria da orain arraro egiten zaiguna, Euskal Herritik kanpo jokatzea alegia, selekzioaren ohiko jarduna izan zela hainbat urtetan. Lehen irteera esanguratsua 1922koa izan zen, "Euskaldunen bidaia" bezala ezagutzen dena, hain zuzen ere. Euskal jokalariz jositako Espainiako selekzioak zilarrezko domina irabazi zuen Anbereseko Olinpiar Jokoetan, eta lorpen haren oihartzuna baliatuz, Argentinako eta Uruguaiko euskal diasporak esfortzu berezia egin zuen euskal jokalariz osatutako selekzio bat Amerikara eramateko.

Taldearen bi aurpegiak

Gipuzkoako eta Bizkaiko zenbait jokalariz osatutako espedizioa -askok uko egin zioten bidaiari- uztailaren 14an iritsi zen Buenos Airesera, "Cap Polonio" itsasontzian Atlantikoa zeharkatu ostean. Bidaia luzearen eta jokalari askoren seriotasun faltaren erruz, selekzioaren maila ez zen espero bezain ona izan, ordea. Argentinaren aurka 4-0 galdu zuten uztailaren 16an Buenos Airesen; baita Uruguairen kontra ere, emaitza berarekin, abuztuaren 20an, Montevideon. Porrot mingarriak izan ziren bidaia antolatu zuten euskaldunentzat, eta azkenean bertan behera utzi zuten espedizioa, aurrez ikusita zeuden hamaika partidetatik zortzi bakarrik jokatuta -bi irabazi, bat berdindu eta bost galdu-.

Askoz luzeagoa eta arrakastatsuagoa izan zen euskal selekzioaren bigarren irteera. Gerra Zibila hasita zela, Jose Antonio Agirre lehendakariaren Gobernuak "Euzkadi" izena hartu zuen euskal selekzioa jarri zuen martxan, ihes egindako haurren alde dirua bildu eta nazioartean Euskal Herriaren izaera ezagutarazteko. Hemezortzi jokalariz osatutako espedizioak lehen neurketak Frantzian jokatu zituen arren, Txekoslovakia, Polonia eta Sobietar Batasunean jokatzeko aukera ere izan zuen. Guztira hogei neurketa jokatu zituen selekzioak Europan, hamalau irabazi, lau berdindu eta bi bakarrik galduta.

Hamabost urte lehenago egin bezala, euskal selekzioak berriz ere Amerikara joatea erabaki zuen, baina kasu honetan askoz ere jarrera profesionalagoarekin. Zenbait jokalarik taldea utzi egin zuten arren, selekzioa 1937ko urriaren 20an abiatu zen Le Havretik, "Ile de France" itsasontzian. Ohiko arazoak agertzen joan ziren bigarren bidaia horretan ere -FIFAren mehatxuak, jokalarien arteko ezinikusiak...- baina lehen irteeran ez bezala, euskal selekzioak argi erakutsi zuen bere maila bikaina, 40 norgehiagoka baino gehiago jokatuta, gehienak Mexikon eta Kuban.

Gerra amaitzearekin batera, euskal selekzioa ere bertan behera gelditu zen eta jokalari euskaldun gehienek Argentina (San Lorenzo edo River Plate, esaterako) eta Mexikoko taldeetan jarraitu zuten beren ibilbidea, zenbait kasutan, talde berri horietako izar nagusi bilakatuta, gainera.

Garai haietako epikarik gabe bada ere, euskal selekzioak beste orrialdetxo bat idatziko du bihar futbolaren historian bisitari gisara. Eta emaitza onarekin bada, askoz hobe.

ALDAKETAK

Arazo fisikoak tarteko, Mikel Aranburuk eta Fernando Amorebietak ez dute Estoniaren aurka jokatu ahal izango. Beraien ordez, Borja Ekiza eta Gorka Elustondo sartu dituzte deialdian.

BIDAIA

Islandiako sumendiak eragozten ez badu, euskal ordezkaritzak 09.00etan hartuko du hegazkina Tallinera joateko. Partida bihar Euskal Herriko 20.45ean hasiko da eta itzulera ostegun goizerako dago aurreikusia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo