Fiskalek atxilotuekiko ardura erakutsi dute, baina haien betebeharra ardura hartzea da
EAEko fiskalak kezkatuta daude, Juan Calparsoro EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalburuak atzo jakinarazi zuenez. Haien kezka atxilotuen oinarrizko eskubideen urraketaren eta inkomunikazioak sortzen duen babesgabetasunaren ondorio da. Calparsorok Portu eta Sarasola torturatu zituzten guardia zibilen zigorra gogorarazi zuen, salbuespen gisa gogorarazi ere, eta Iñigo Lamarka Arartekoaren gomendioak atxilotuen segurtasuna bermatzeko baliagarriak izan litezkeela iritzi zion. Egia da Portu eta Sarasola torturatu zituztenen aurkako epaiketa salbuespena dela, baina ez dago horren argi haiei egindako torturak ere salbuespena izatea. Bestetik, horrelako eskubide-urraketen aurkako neurririk eraginkorrena inkomunikazioa bertan behera uztea litzateke.
Fiskalek beren kezka erakutsi dute, euskal herritar gehienek aspaldi luzetik eta etengabe duten kezka, hain zuzen. Ongi etorri fiskalen kezka berantiarra; hala ere, fiskalen betebeharra ez da ardura erakustea, baizik eta ardura hartzea. Hau da, ez dagokie begiralearen papera jokatzea. Eurek herritarren kezka eragiten duten arazoak ikertzeko baliabideak dituzte eta euren zeregina baliabide horiek erabiltzea da.