GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Xabier Silveira Bertsolari(a)

Eta ahaztu gabe, noski, jakina, gainera...

Gudu-zelai bihurtzen denean norbera, irabaztea zer da? Zer galera? Nik ez dut nahi hemendik onik atera, baizik eta bizirik sentitzea bera. Eta zergatik ez, aske naiz ixilpean, irria begietan, ilusio lainoetan itsututa amildegi ertzean

Denok jakin dugu egiaren orduan dena gezurra dela, baina nola esan behar da guk esaten duguna ez dugula esaten? Esanak esan, esanak esanak daude, bai, baina esan beharrekoak gutxitan esaten dira, zoritxarrez, eta nik irrati honetatik esaten dizuet entzuteko kanta hau...

Gaizki eginak barkatu, ongi eginak gogoan hartu, saiatzen naizen heinean. Gaizki esanak... gaizki eginak... ez naiz honetan onena, baina argi dut «norberaren bihotzean gordetakoa ateratzea gaur bekatua dela». Nik ez dut eskatzen zure esker onik, bakarrik diot maite zaitudala! Eta noski, isiltzen banaiz, ez da hitzik ez dudalako, momentu asko hautsi ditut dagoenerako. Antzeko zauriekin hemen gaude orbain forma hartu duen irribarrez, baina etorri egin zara, hala ere. Eta belarrira esan nahi dizut inork gu ez entzuteko, belarrira esan nahi dizut aspertua nabilela kantatzez, margotzez... Mundu bat, zeru bat, mila egunsenti! Inoiz ez gaitzatela kolore bakarrez margotu, kolore bakarrez suntsitu!

Eta berriz min hau. Min hau neure-neurea dudala badakit, baina zauria ez dut topatzen inondik; benetan al datorkit poza erraietatik ala ez ote nabil neu bere atzetik?

Gudu-zelai bihurtzen denean norbera, irabaztea zer da? Zer galera? Nik ez dut nahi hemendik onik atera, baizik eta bizirik sentitzea bera. Eta zergatik ez, aske naiz ixilpean, irria begietan, ilusio lainoetan itsututa amildegi ertzean. Barearen ostean ekaitza dator bero. Zenbat negar eta zenbat min, eta zenbat gau lo egin gabe! Eta zu ez bazatoz, ohe, noiz arte gaude lo egin gabe? Gehiago ezin zaitut maite, gaur egitearren zurekin aspaldi ez dut egin lo. Eta gehienetan, etxean otsoa dena kalean da otsoago. Zakila beltz izaten denean, ipurdia belzten da ohearen otsotasunean. Ohean usoa denak kalea du oheago, bera ez den norbait izan nahi du; eta ez garen norbait garenean, inor izaten bukatzen dugu. Hobe da samina gure aurpegian baino bihotzean orbaina.

Eta ahaztu gabe: gure aizkorak ez du angelu zuzenik. Zure existentziarako asmatu duzun deabru maltzur horrenak zirelakoan zigortzen zenituen. Bizitzatik ikasi dut dirua eta boterea maite duzula, zure predikuaren kontrobersia. Eta zu atrapatu arte! Zu, burges madarikatua, ez duzu inoiz ezer ulertuko, zuretzat kalean gertatzen dena beti besteen arazoak dira.

Bandera trapu bat da haizerik ez badabil. Konbikzio handirik gabe galdezka ari naiz, oihukatzeak ala entzuteak, zerk egiten gaituen libre. Katu beltza bezala zakurren jangelan, ezin eguzkia piztu, izozkiak gara haien ahotan. Harroegi ulertzeko, harroegi onartzeko askatasun desiratuak ez gaituela askatuko. Bandera trapu bat da haizerik ez badabil.

Eta sartu ninduten kartzelan; musu gehiago eman ditut han. Gerra egin nahi zenuke zuk, nik bertso bat egingo dizut -kantatzea asko maite dut-; guk lo egiten dugu lasai, guk ez dugu obeditu nahi, ez dugula nahi, guk ez dugu obeditu nahi!

Zer esango dizut nik kanta honek ez badizu esaten? Itxura faltsuak!!! (Milesker Dut, Sen, Berri txarrak, Kerobia, Katamalo, Ken Zazpi, Lauroba, Surfin Kaos, Kashbad, Kortatu, S. A.).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo