GARA > Idatzia > Kultura

Olaeta eta Oldarra ballet konpainiek elkarlana hasiko dute ehun dantzari baino gehiagorekin

Ainize BUTRON | BAIONA

Urtetan ibilbide propioa izan badute ere, Bilboko Olaeta eta Biarrizko Oldarra balletek «ballet orokorra eta euskal balleta uztartzea» xede nagusi dutela ikusirik, elkarlanean aritzeko hautua egin dutela jakinarazi zuten atzo bi elkarteetako ordezkariek. Lankidetza hori ekitaldi nagusi bat eskainiz abiatzea erabaki dute, eta, horretarako,datorren igandean, Biarrizko Kasinoan bi balletetako dantzariak oholtzara igoko dira.

Orotara, 122 dantzari baino gehiago bilduko dira bi ballet konpainien azken sorkuntzak eskaintzeko. Lehen zatian, euskal dantza tradizionalean oinarrituriko 22 dantza biltzen dituen «Amalur» izeneko obra azalduko dute. «Euskal Herriko bazter guztietako dantzak batuko dira `Amalur' obran», zehaztu zuen Olaeta ballet elkarteko ordezkari Jone Goirizelaiak. Bigarren zatian, berriz, Oldarrak «Gernika, azken oihua» emango du, eta Olaetak, «Amaia» izeneko bere sorkuntza.

Atzo, Koldo Zabala Oldarra Balleteko ordezkariak eta Jone Goirizelaiak argi utzi zuten, Biarrizko emanaldi hori «bien arteko lankidetzaren hasiera» baizik ez dela. Horrenbestez, datorren urtean elkarrekin landuriko sorkuntza eskainiko dute Bilboko Arriaga antzokian. «Dagoeneko urte bat eta erdi daukagu sorkuntza hori lantzeko. Mitologia eta akelarrearen inguruko ikuskizuna lantzeko asmoa dugu», gehitu zuen Goirizelaiak.

Profesionalago

Koldo Zabalak, bestalde, Olaeta eta Oldarra balletek euskal dantza tradizionalean, urtetan, «berezko hizkuntza bat sustatzea» lortu zutela gogorarazi zuen atzoko aurkezpenean.

«Olaetak dantza klasikoaren bidez eta guk dantza garaikidearen bidez, hizkuntza propio bat landu dugu. Lortzen badugu elkarlan hau, era profesionalagoan sorkuntzaren munduko ateak zabalduko ditugu», nabarmendu zuen Oldarrako ordezkariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo