GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

PPk eta UPNk goberna ez dezaten formulak bilatuko ditu Bilduk

p004_f02.jpg

Janire ARRONDO | DONOSTIA

Igandeko hauteskundeen emaitzen inguruko gogoeta egin eta erakundeak osatu bitartean dituzten asmoen berri eman zuen atzo Bilduk, Donostian. Herritarrek emandako erantzunarekin pozarren, Bakartxo Ruiz, Pello Urizar eta Oskar Matute kideek hauteskundeetan jasotako 315.000 botoak bakea, normalizazio politikoa eta aldaketa soziala lortzeko 315.000 bultzada izango direla azaldu zuten.

Gizartearekin duten konpromisoa abiapuntutzat hartuz, eta Bilduk ez duela epe motzera jokatuko ziurtatuta, koalizioa udalak, aldundiak eta Nafarroako Legebiltzarra osatuko diren egunera begira dagoela azaldu zuen Bakartxo Ruizek. Hala, lehenbiziko erronka gisa, Bilduk «euskal instituzioak eskuinaren eskuetan uztea galaraziko duten gobernu-formulak lehenetsiko ditu, eskuinak Euskal Herriaren eskubide politikoak, norbanakoenak eta kolektiboak ukatzen baititu». Beraz, Ruizek azaldu zuenez, euren bozek hori sai- hesteko balio duten guztietan, UPNk eta PPk ezin izango dute gobernurik osatu ez udal ez foru erakundeetan.

Pello Urizarrek gaineratu zuenez, «kontrako bidean doazen PP eta UPNren gobernuak oztopatzeko eman digu babesa gizarteak boto aktiboarekin, eta horri erantzungo diogu».

Hala ere, prozesu honetan ez dutela «ordainik eskatuko» azaldu zuen Bakartxo Ruizek. «Bilduk politika egiteko moduan aldaketa ekarriko zuela esan genuen, eta orain lehenengo proba dugu: ez dugu `kromo trukean' parte hartuko eta ez gara kalkulagailuarekin egiten diren konbinazioen jokoan hasiko», esan zuen bozeramaileak. Oskar Matutek gaineratu zuen, Bilduk gobernatzearren ez duela bere programa «sakrifikatuko». Era berean, Alternatibako ordezkariak garbi utzi nahi izan zien eurekin bilduko direnei «Bilduk konpromisoa duela gizartearekin, koalizioaren programa osatzen duten ideien gainean eraikitako kontratu soziala» eta horri ez diotela hutsik egingo.

Kazetariek Gipuzkoako Aldundia eta Donostiako Udala nola eratuko diren galdetuta, Pello Urizarrek eurek ez dutela zertan gobernatzeari uko egin aldarrikatu zuen. «Bilduk irabazi ditu hauteskundeak eta orain zergatik egin behar diegu uko karguei?», galdetu zuen. Ruizek argi utzi zuen, gainera: «Bilduk partida hasi du, baina baloia beste alderdi batzuen eskuetan dago orain. Espero dugu alderdi guztiek egoerak eskatzen duen mailan jardutea».

Koalizioko kideek «aukera historiko baten aurrean» gaudela ohartarazi nahi izan zuten, «egoera politikoa eta soziala baldintzatzeko gai den subiranotasun indartsu batekin».

Zarauzko Bilduk atzo ohar bidez jakinarazi zuenez, bestalde, hauteskundeetan gehiengoa lortuta, Udalean gobernu «zabal» eta «egonkorra» osatzeko asmoz alderdiekin elkarrizketak abian jarri dituzte. «Mugarik ez dugun arren, iparra gure programak markatzen du», azaldu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo