GARA > Idatzia > Euskal Herria

Iñaki Gracia espetxeratuta eta, euroagindua gauzatuta, Jimenez eta Artetxe ere bai

Auzitegi Nazionalaren aginduz, herenegun atxilotutako Iñaki Gracia errenteriarra espetxeratu egin zuten atzo. Jon Goio Jimenez tolosarra eta Aitor Artetxe sopelarra ere preso daude, Parisek euren kontra onartutako euroaginduen bitartez, Espainiaratuak izan ostean.

GARA |

Pablo Ruz Auzitegi Nazional espainoleko epaileak aginduta, atzo espetxeratu zuten Iñaki Gracia preso politiko ohia. Errenteriarra bere abokatuak lagunduta izan zen epailearen aurrean eta ez zuen inolako adierazpenik egin nahi izan.

Jose Antonio Ortega Lara espetxe-funtzionarioaren bahiketarekin lotura zuelakoan, Dignidad y Justicia elkarteak jarri zuen salaketa medio, Graciaren kontrako sumarioa berrabiatu egin zen duela hilabete batzuk. Epaileak txosten berri bat egiteko eskatu zion Guardia Zibilari eta, horren harira, herenegun eguerdian atxilotu zuten Irunen, autoan zihoala.

Bahiketa hartan ardura izan zuelakoan, Carlos Bautista fiskalak espetxeratzeko eskaera egin, eta epaileak onartu egin zuen.

Kasu berberagatik jada epaitutako beste presoek jaso zuten zigor berbera -32 urteko espetxe zigorra- jaso lezake Graciak. Estatu frantsesean eta espainoleko zenbait kartzeletan hamar urte igaro ostean, duela urtebete pasatxo kaleratu zuten.

Bi euroagindu

Bestalde, atzo jakinarazi zuten Jon Goio Jimenez tolosarra eta Aitor Artetxe sopelarra Espainiaratu dituztela, Parisek euren kontrako euroaginduak gauzatzea agindu ostean.

Grande-Marlaska epaileak, Aznarren kontrako atentatuan zerikusia izan zuelakoan, espetxera bidali zuen Jimenez. Tolosarra martxoaren 8an atxilotu zuten Bidaxunen. Paueko epaitegiak onartutako euroaginduaren errekurtsoa ez zuen aintzat hartu Auzitegi Gorenak.

Artetxe, berriz, Villepinteko espetxean zegoen, 2008ko abenduan Estatu frantsesean atxilotu zutenez geroztik. Askatasun Haizea komandoko partaide izatea leporatzen dio Auzitegi Nazionalak.

MObilizazioAk

Iñaki Graciaren espetxeratzea salatzeko, bere herrikideek horren berri emateko batzarra egin zuten atzo. Gaurko, elkarretaratzea deitu dute, 19.30ean Errenteriako PSOEren egoitza aurrean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo